Mundua -

9 hilabete karguan

Trump, hauteskundeetatik urtebetera, hautesleengandik urrunago

Presidentearekiko onarpen-mailak behera egin du nabarmen kargua hartu zuenetik, urtarrilean. Eskandaluek eta betegabeko promesek eragin handia izan dute, ekonomiaren egoera hobetu arren.

Donald Trumpen lehen urtea, neurri eta adierazpen polemikoz beteta

1:08

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidentearen onarpen-maila historia osoko mailarik baxuenetan dago, Etxe Zurirako ateak ireki zizkioten hauteskundeak irabazi (Hillary Clinton denek garailetzat jotzen zuten hautagaiak baino emaitza hobeagoak lortuta) eta urtebetera.

Presidente errepublikanoak Txinan ospatuko du bere lehen urteurrena, Asian egindako lehen bilera-sortan baitago. Trump onarpen gutxiko hautagaia izan zen, Clinton bezalaxe, baina herritarren onarpen-mailak beheranzko joerari heldu dio kargua hartu zuenetik.

Wall Street Journalek eta NBCek duela gutxi egindako inkesta baten arabera, hiritarren % 38k babesten zuen presidentea urrian eta % 58 kudeaketaren aurka agertu zen.

Ukapen maila hori altuena da, agintaldia hasi zuenetik, eta Harry Truman (1945-1953) presidentearen garaira atzera egin beharko litzateke antzeko egoera bat aurkitzeko.

Ekonomia suspertuta ere, eta Wall Streeten etengabean markak hautsi, azken 17 urteetako langabezia daturik onena izan eta azken bi hiruhilekoetan BPGak % 3ko hazkundea neurtu, hiritarrek ez dute uste egoera berri horrek Trumpi esker izan denik.

Eskandaluek eragina izan dute

Azken hilabeteotan, enpresaburuak eskandalu gehiegi eragin ditu, onarpen-mailan ondoriorik ez izateko, bai herrialdearen barruan, baita nazioartean ere.

Askok kritikatu egin zuten abuztuan, Charlottesvilleko indarkeriaren errudunak "bi aldeak" zirela esan zuenean. Hiri horretan, 32 urteko emakume bat hil zen neonazi batek autoarekin harrapatuta, arrazismoaren aurkako manifestazio batean zegoela.

Osasun sistemari dagokionez, Trump ez da gai izan kanpainan Obamacare bertan behera utzi eta ordezkatzeko egin zuen promesa Kongresuan betetzeko.

Kanpo politikan ere, Trumpek uste du Obamak egindako ia guztia "txarra" dela herrialdearentzat, TPPtik hasita. Trumpek AEB atera zuen itunetik Etxe Zurira heldu bezain pronto.

Gainera, Trumpek klima aldaketaren aurkako Pariseko Itunetik ere atera du herrialdea, Kubarekin hasi berriak ziren harremanetan eta normaltasunerako bidean atzerapausoak eman ditu, Gerra Hotzaren giroa sustatuta, eta, duela gutxi, Iranekin iraganean lortutako akordio nuklearra bertan behera uzteko "aukera handiak" daudela adierazi zuen.

Bestalde, presidentea Hego Koreako agintariarekin norgehiagoka ari da azken hilabeteetan, "ekintza militarra" egitea baztertu gabe, eta herrialdearen barruan urakanek eragindako kalte handiei aurre egin behar izan die, esaterako, Puerto Ricon. Gainera, Las Vegasen eta Texasen tiroketa odoltsuak izan dira azken hiruhilekoan.

Era berean, Trump Robert Mueller fiskal bereziak abiarazitako ikerketa oztopatzen saiatu da hainbat modutan. Mueller Moskuk eta Trumpen hauteskundeetarako taldeak izan zituzten harremanak ikertzen ari da, prozesuan esku-hartzerik izan zuen argitzeko.

Ikerketak aurrera egiten jarraitzen du, Trumpen aholkulari ohien aurkako karguak aurkeztu eta gero. Horietako batek gezurra esan zuen Moskurekin lotuta duten pertsonekin izan zituen harremanen inguruan, eta, gainera, Trump eta Putinen arteko bilera bat egiten saiatu zen.

Hiru milioiko aldea

Trumpek 304 boto lortu zituen Hillary Clintonek jasotako 232en aurrean, eta horrela irabazi zuen hauteslekuen sistemaren bidez, baina hautagai demokratak oraingo presidenteak baino hiru milioi boz gehiago jaso zituen, Trumpek datu hori ukatzen saiatu bada ere.

Donald Trumpek esan zuen nortasun agiririk gabeko 3-5 milioi etorkin inguruk parte hartu zutela hauteskundeetan, horregatik, presidentearen iritzian, jaso zituen boz kopuru gehiago Estatu idazkari ohiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Hauteskundeak AEB 2024 Gaurko azken orduko albistea Trump gaur Melania Trump