Mundua -

Erresuma Batua

'Brexit'a 2019ko martxoaren 30eko gauerdian gauzatuko da

Theresa Mayk gaur prentsan idatzi duen artikuluan eman du horren berri, Gobernuak prozesua burutzeko inolako zalantzarik ez duela erakusteko.

Theresa May, aste honetako ekitaldi batean. Argazkia: EFE.
Theresa May, aste honetako ekitaldi batean. Argazkia: EFE.
Theresa May, aste honetako ekitaldi batean. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Brexit"a, Erresuma Batua Europar Batasunetik irtetea, 2019ko martxoaren 30ean gauzatuko da, Hego Euskal Herrian gauerdia denean (2019ko martxoaren 29ko 23:00etan, Greenwich Meridianoko Ordua kontuan izanda), Theresa May Errsuma Batuko lehen ministroak gaur jakinarazi duenez.

"Brexit"aren gaineko lege-proiektua datorren astean eztabaidatuko dute Parlamentuan, eta, onartu ostean, Europar Batasunetik irtetea baimenduko du. Zehaztutako data lege-proiektu horretan alda liteke.

The Daily Telegraph egunkarian argitaratutako artikulu batean eman du horren berri lehen ministroak, Gobernuak prozesua burutzeko inolako zalantzarik ez duela erakusteko, horren arabera.

"Inork ez dezala zalantzarik izan gure erabakitasunaz, inork ez dezala zalantzan jar 'Brexit'a gauzatzeko gure asmoa", idatzi du lehen ministroak. Aurreko ekainean egindako hauteskundeetan, Mayk gehiengo osoa galdu zuen, eta horrek ahuldu egin du bere egoera.

"Data idatzita izango da, zuri-beltzez, lege honetako azalean. Erresuma Batua 2019ko martxoaren 29an irtengo da Europar Batasunetik, 23:00etan, GMT orduan (martxoaren 30eko gauerdian, Hego Euskal Herriko ordua kontuan harturik)", gehitu du.

Aldaketak egon litezke

Europar Batasunetik Irteeraren gaineko Lege Proiektuak bigarren irakurraldia gainditu du, eta datorren astean batzorde-fasean sartuko da. Oraindik aldaketak egin litezke fase horretan.

Mayk azaldu duenez, herritarren gehiengoak politikariak "elkartzea" nahi du, "Brexit"aren akordio ona negoziatzea helburu.

Halaber, lehen ministroa diputatuen proposamenak entzuteko prest agertu da, lege-proiektua hobetzeko, baina Parlamentuan egin beharreko ibilbidea ez duela inork etetea onartuko esan du: "Lege-proiektuaren aldaketa-prozesuan norbaitek herritarren borondate demokratikoa moteldu edo geldiarazi nahi izango balu, hori ez genuke onartuko", nabarmendu du.

Theresa Mayren esanetan, lege-proiektu hau guztiz funtsezkoa da "Brexit"a ordenatua izan dadin.

Londresen eta Bruselaren arteko negoziazioak seigarren txandan sartuta daude, eta oraingoz ez da aurrerapenik izan Erresuma Batua Europar Batasunetik irteteko prozesuari dagokionez. Horrek zalantza asko sortu ditu enpresetan eta Erresuma Batuan bizi diren Europar Batasuneko herritarrengan, lehen ministroak gaineratu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ezkozia bideoak Eskoziako erreferenduma Erresuma Batua albisteak Albisteak Brexit albisteak Zer da Brexita Theresa May Londres azken ordukoa Irlanda Ingalaterra azken ordukoa