Mundua -

Independentzia erreferenduma

Irakeko Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du Kurdistango erreferendumaren emaitza

Kurdistango erreferenduma "konstituzioaren aurka" doala esan du Irakeko Auzitegi Gorenak.

Kurdistango erreferenduma. EFE.
Kurdistango erreferenduma. EFE.
Kurdistango erreferenduma. EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kurdistango erreferenduma "konstituzioaren aurka" doala esan du astelehen honetan Irakeko Auzitegi Gorenak; hortaz, bertan behera utzi ditu irailaren 25ean Kurdistanen egindako galdeketaren emaitzak eta ondorioak.

Irakeko Auzitegi Gorenaren "epaiak erreferendumaren ondorioak bertan behera uzten" ditu, azaldu du Ias al Samuk Auzitegiko bozeramaileak agiri batean.

Masud Barzani presidente kurduak deitu zuen kontsulta, eta bertako Parlamentuak berretsi zuen ondoren, baina, Irakeko Gobernuaren ustez, galdeketa Konstituzioaren aurkakoa zen.

Hautesleen ia % 92k independentziaren alde bozkatu zuten orduan Irakeko Kurdistanen egindako erreferendumean.

Bagdadeko eta Erbileko (Kurdistango hiriburua) gobernuen arteko elkarrizketa politikoa berriro abiarazteko eskakizun nagusia erreferendumaren emaitzak bertan behera uztea izan da. Horren ondorioz, galdeketa martxan jartzeagatik ezarritako zigor ekonomikoa ere indargabetu dute.

Azaroaren 6an, Irakeko Auzitegi Gorenak (Ministroen Kontseiluak eskatuta) Konstituzioaren lehen artikulua interpretatu eta Irakeko lurralde batasunaren alde egin zuen, Konstituzioaren artikulu batek ere ez baitu sezesioa onartzen.

Kurdistango Gobernuak interpretazio hori onartu zuen, eta "Erbilen eta Bagdaden arteko liskar guztiak konpontzeko elkarrizketa abiatzeko abiapuntua izan behar du", adierazi zuen.

Zigor ekonomikoez gain, Irakeko indar armatuek Kurdistango Armadaren aurkako kanpaina militarra abiatu zuten, zenbait lurralderen burujabetza jokoan baitzegoen.

Hori horrela, kurduen tropek edo peshmergek 2014. urtetik menpean zituzten lurralde asko (Kirkuk petrolio lurraldea, esaterako) utzi behar izan zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Eguneko albisteak Irakeko albisteak Ekialde Hurbileko albisteak