Mundua -

Azken jaurtiketaren ostean

Hego Koreak eta AEBk inoiz egin dituzten maniobra handienak abiarazi dituzte

230 gerra hegazkin eta AEBko 12.000 soldadu inguru parte hartzen ari dira maniobretan. Ipar Koreak esan du are gehiago igotzen ari direla tentsioa.

Hego Koreako F-15 hegazkina, maniobretan. Argazkia: EFE
Hego Koreako F-15 hegazkina, maniobretan
Hego Koreako F-15 hegazkina, maniobretan. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Koreako eta Estatu Batuetako Armadek haien historian inoiz egindako maniobrarik handienak abiarazi dituzte gaur, astelehenean, penintsulan tentsioa areagotuta, eta Piongiangek egindako abisuen aurrean.

Maniobrek bost egun iraungo dute eta Piongiangek azken misila jaurti eta astebete baino gutxiagora hasi dituzte. Azken misil horrek, Seulen arabera, 13.000 kmrainoko ibilbidea egin dezake eta AEBko lurraldeko edozein puntu jotzeko ahalmena dauka.

Maniobretan 230 gerra-hegazkin (besteak beste, sei F-22 Raptor, sei F-35A, bi B-1 Lancer, sei EA-18G Growler eta dozenaka F-15 eta F16) eta 12.000 militar estatubatuar inguru parte hartzen ari dira.

Hego Koreako Defentsa Ministerioaren esanetan, maniobren helburua "elkarrekin egindako operazioak hobetzea" da. Gainera, horietan, hainbat gerra egoera erreproduzituko dituzte.

Besteak beste, Ipar Koreako helburu nuklear eta armategien aurkako bonbardaketak simulatuko dituzte, Yonhap albiste agentzia hegokorearrak zabaldu duenez.

AEBko Armadak, bestalde, azpimarratu duenaren arabera, "operazioen gaitasuna hobetu eta bi herrialdeen eraginkortasuna handitzeko" diseinatutako ariketa militarrak dira abiarazi dituztenak.

Horren aurrean, Ipar Koreako Gobernuak ohartarazi du asteburuan maniobra berriek are gehiago handituko dutela eskualdean dagoen tentsioa. "Gupidarik gabeko erantzuna" eman dezaketela esan du.

"Maniobrek gerra simulatzen dute eta Trump presidente zoroa bere onetik kanpo aterata dagoen momentu batean egiten ari dira", esan zuen igandean Koreako Bateratze Baketsuaren aldeko Batzordearen bozeramale batek.

Hori dela eta, berretsi duenez, "Ipar Koreak zuzen jokatu zuen disuasio-gaitasunak areagotzeko bi fronteak (armak eta esparru nuklearra) aldi berean garatzeko erabakia hartu zuenean".

Bi Koreek gerran jarraitzen du teorian, armistizio bakarra sinatu dutelako, 1950 eta 1953 urteen artean elkarri oldartu ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea