Mundua -

Europar Batasuna

'Brexit'aren bigarren fasera pasatzea adostu dute EBko buruzagiek

Errefuxiatuen aferan, ostera, ez dira ados jarri Europar Batasuneko gobernuburuek eta estatuburuek, eztabaida bero baten ondoren.

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa Bruselan. Argazkia: EFE
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa Bruselan. Argazkia: EFE
'Brexit'aren bigarren fasera pasatzea adostu dute EBko buruzagiek

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Brexit'aren negoziazioan emaniko “aurrerapausoek” Europar Batasuneko estatuburuen eta gobernuburuen oniritzia jaso dute gaur. Gainera, EBko buruzagiek elkarrizketen bigarren fase batera pasatzea onartu dute, trantsizio epe bat finkatzeko eta etorkizuneko harremanen markoa eztabaidatzeko.

Errefuxiatuen aferan, aldiz, ez dira ados jarri EBko estatuburuek eta gobernuburuek, eztabaida bero baten ondoren. Hilabeteak geldirik daramatzan asilo politikaren erreforma adosten saiatu dira, baina arrakastarik gabe. Ondorioz, datorren ekainean akordio bat ixtea ezinezkoa izango da, nahiz eta helburua hori izan.

“’Brexita’ren negoziazioaren bigarren fasera pasatzeko akordioa lortu dute EBko buruzagiek. Zorionak Theresa May lehen ministroa”, jakitera eman du Donald Tusk Europako Kontseiluaren presidenteak Twitter sare sozialean.

Mayk Bruselatik alde egin zuen ostegun gauean, goi-bileraren lehen jardunaldian parte hartu ondoren. Era berean, 27 herrialdeen erabakiari erantzun die Mayk txio batekin, Tuski eta Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteari eskerrak emanez.

“Arazorik gabeko Brexit txukun bat lortzeko bidean pauso garrantzitsua da gaurkoa, etorkizuneko harreman berezi eta sakona eraikitzeko”, esan du Mayk sare sozialean.

Bruselan egindako goi-bileran, EBko gobernuburuek eta estatuburuek negoziazioetan emandako aurrerapausoei babesa ematea espero zen. Duela astebete aldeek aurreakordio bat itxi zuten, hiru lehentasun ezarrita: herritarren eskubideak, Londresek alde egindakoan ordaindu beharreko faktura eta Ulsterren muga zorrotzik ezarriko ez denaren bermea.

Datorren urteko urtarrila

Trantsizio epeari eusteko negoziazioaren zuzentarauak datorren urteko urtarrilean mahai gainean izatea espero dute buruzagiek orain. Trantsizio epe hori “bi bat urtekoa” izatea proposatu du Londresek.

Egutegia betetzeko, Europako Batzordeak proposamenaren zirriborro bat aurkeztuko du datorren asteazkenean, abenduaren 20an, ondoren Kontseiluaren esku uzteko.

Gaur buruzagiek adostutako zuzentarauen arabera, trantsizio epea “Batasunaren interesen aldekoa izan behar da, denboran argi zehaztuz eta mugatuz”.

Epe horretan, Erresuma Batuak Merkatu Bakarraren eta Aduana Batasunaren kide izaten jarraituko du, baina Estatu kide gisa dituen eskubideak galduko ditu, hau da, EBko erakundeetan ez du presentziarik ezta erabakitzeko botererik izango ere, ezta agentzietan eta beste elkarteetan ere; hala ere, herrialdeak EBko Justizia Auzitegiaren erabakiak eta arau komunitario guztiak obeditu beharko ditu. Erresuma Batuak 2019ko martxoan alde egiten duenean aplikatzen hasiko litzateke trantsizio epea.

Negoziazioen garapena arretaz jarraituko dutela ziurtatu dute EBko buruzagiek, eta 2018ko martxoan zuzentarau gehiago hartuko dituzte, “bereziki, etorkizuneko harremana zehazteko”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Batasun europarra Migrazioa Euskal Herria Erresuma Batua albisteak Gaurko azken ordukoa Brexit albisteak Erresuma Batuko lehen ministro ohiaren azken ordukoa Londres albisteak gaur