Mundua -

Eskandalua

Hollywoodeko hainbat aktorek bizkarra eman diote Woody Alleni

Dylan Farrow alabak duela lau urte salatu zituen publikoki aitaren sexu-abusuak. Weinstein eskandaluak bultzatuta, zinemagilearekin lan egin duten hainbat aktorek bizkarra eman diote orain.

Woody Allen zinemagilea. Artxiboko irudia: EiTB
Woody Allen zinemagilea. Artxiboko irudia: EiTB
Woody Allen zinemagilea. Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dylan Farrow alabak duela lau urte salatu zuen jendaurrean Woody Allen aita, neskato bat zenean sexu-abusuak egiteagatik. Orain Hollywooden sexu-abusuen aurka piztu den mugimenduak bultzatuta, New Yorkeko zinemagilearekin lan egin duten hainbat aktorek bizkarra eman diote. Ahots gutxi atera dira Allenen defentsan.

Dylan Farrowk aitaren aurkako akusazioak berretsi ditu elkarrizketa batean, telebistan. Soon-Yi Previn alabaordearekin ezkondu zenetik, Allen kritiken jomuga izan da, eta Farrowren salaketek are gehiago ilundu dute zinemagilearen irudi publikoa.

Mia Farrowren eta Woody Allenen arteko harremana 1992an hautsi zen, 56 urteko zuzendariaren eta 21 urteko alabaordearen harremana tarteko. Orduan 7 urte zituen Dylan alabaren sexu-abusuen akusazioak galdu egin ziren kaos egoera hartan.

Ronan Farrow Allenen eta Farrowren seme biologiko bakarrak, baina, aitaren kontra egin du urte askotan, eta horrek eragotzi du kontu hori guztiz ahaztea.

Harvey Weinstein

Hollywooden trapu zikinak ikertu zituen Ronanek, The New Yorker aldizkarian lanean izan zenean. Iragan urrian artikulu bat argitaratu zuen, Harvey Weinstein produktore ahalguztidunaren aurkako salaketen berri emateko.

Horrela hasi zen Hollywoodeko izen ospetsu asko eroraraz ditzakeen mugimendua. Zinemaren gunean erabateko pentsamolde aldaketa ekarri du horrek. Azken hilabeteetan jakitera eman dutenez, sexu-abusuak ohikoak ziren, gehienek bazekiten, baina oso gutxik salatu zituzten.

Gainera, zenbat eta kasu berri gehiago argitaratu, beste garai batzuetan ezkutatutakoak ezagutzera eman dituzte berriro; besteak beste, Woody Allenen auzia. Alabak 2014an salatu zuen publikoki, baina gertakariak preskribatuta zeuden ordurako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Ameriketako Estatu Batuak Aktoreak argazkiak Zinema Gaurko azken orduko albistea