Mundua -

Rajoyri erantzuna

Espainiako enbaxadorea pertsona 'no grata' izendatu du Venezuelak

Kasu hauetan herrialdea utzi behar izaten dute, baina agiriak Jesus Silva Fernandez kanporatzeko agindurik espresuki ez du ematen, ezta horretarako eperik zehaztu ere.

Jesus Silva Fernandez Espainiako enbaxadorea Caracasen (Venezuela). Argazkia: EFE
Jesus Silva Fernandez Espainiako enbaxadorea Caracasen (Venezuela). Argazkia: EFE
Jesus Silva Fernandez Espainiako enbaxadorea Caracasen (Venezuela). Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jesus Silva Fernandez Espainiako enbaxadorea pertsona 'no grata' izendatu du gaur Venezuelako Gobernuak, Espainiako Exekutiboaren “eraso eta esku-sartze etengabeengatik”.

“Venezuelako Gobernu Bolivartarrak Jesus Silva Fernandez Espainiako Erresumaren Enbaxadorea pertsona No Grata izendatzea erabaki du”, Jorge Arreaza Atzerri ministroak agiri batean adierazi duenez.

Kasu hauetan herrialdea utzi behar izaten dute, baina Caracasen agiriak Silva kanporatzeko agindurik espresuki ez du ematen, ezta horretarako eperik zehaztu ere.

Europar Batasunak (EB) Venezuelako zazpi goi-karguduni aste honetan ezarritako zigorrak txalotu zituen atzo Rajoyk. “Merezitako” zigorrak zirela esan zuen Espainiako Gobernuko presidenteak. Adierazpen horiek “gaitzetsi” ditu Caracaseko Exekutiboak.

Venezuelako egoeraren aurrean, Espainiak EBren ekintza politikoa zuzentzea “zentzuzkoa eta arrazoizkoa” dela uste du Rajoyk. Maduro jaunaren erabaki basatien eta demokrazia ulertzeko moduaren aurrean, betebeharra da, norbaitek venezuelarrei lagundu behar die”, adierazi zuen buruzagiak.

“Neurri murriztaileak” kritikatu zituen Venezuelako Gobernuak, eta “Nazioarteko Zuzenbidearen funtsezko printzipioen” aurkakoak direla esan zuen.

Espainia, "Europako herrialderik desorekatuenetarikoa"

Arreazaren ahotan, Espainia “Europako herrialderik desorekatuenetarikoa da” eta venezuelarrek “zorionez ez dituzte Rajoyk Espainian aplikatutako politiken ondorioak pairatu behar”.

“Gure Errepublika Bolivartarraren izaera soberano eta independentea gogorarazi nahi dio Venezuelako Gobernuak Espainiako Exekutiboari, askapen prozesu konplexu baten bidez gauzatu zen, duela ia 200 urte indar inbaditzaile inperialak behin betiko kanporatu ondoren”, erantsi du agirian.

Bestalde, Mario Isea Madrilgo enbaxadorea deitu zuen atzo Venezuelak, Espainiako Gobernuaren “eraso kolonialistengatik”.

Dastis: "Espainiak proportzionaltasunez eta elkarrekikotasunaz erantzungo du"

Espainiak Venezuelari “proportzionaltasunez eta elkarrekikotasunaz” erantzungo diola esan du Alfonso Dastis Atzerri ministroak.

Dastis Davosen (Suitza) dago, Munduko Ekonomia Foroan. Venezuelako Gobernuaren “esku-sartze” akusazioak errefusatu ditu Espainiako diplomaziaren buruzagiak; hasieratik Espainiak egin duen gauza bakarra Venezuelako Gobernuaren eta oposizioaren arteko negoziazio “prozesua laguntzea” izan delako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Batasun europarra Espainako Gobernuaren presidente ohia Espainiako Gobernua argazkiak Espainia argazkiak Albisteak Venezuela albisteak Nicolás Maduro