Mundua -

Frantzia

Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohiaren galdeketa amaitu da

2007ko hauteskunde-kanpaina ustez Libiako diruarekin legez kanpo finantzatzeagatik Sarkozy 25 orduz galdekatu dute.

Nanterreko Polizia Judizialaren egoitza. EFE
Nanterreko Polizia Judizialaren egoitza. EFE
Nanterreko Polizia Judizialaren egoitza. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2007ko hauteskunde-kanpaina ustez Libiako diruarekin legez kanpo finantzatzeagatik Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohia atxilotu eta 25 orduz galdekatu dute, bertako komunikabideek jakitera eman dutenez.

Auzia ikertzen ari diren epaileak Parisko kanpoaldean dagoen finantza brigadaren egoitzara lekualdatu dira. Sarkozy inputatu ala ez erabaki behar dute orain, BFMTV telebistak azaldu duenez.

Sarkozy ikertzaileen aurrera berriz eraman dute goizean. Eliseora eraman zuen hauteskunde-kanpainan Muamar Gadafi Libiako buruzagi ohiaren dirua erabili ote zuen argitu behar dute.

Gauean 9 orduko atsedenaldia egin ondoren; izan ere, lo egiteko bere etxera joan da, presidente ohiak OCLCIFF ustelkeriaren aurkako dibisioko polizien galderei erantzun die Nanterreko egoitzan.

Ia bost urte igaro dira ikerketa abiatu zenetik, eta ordudanik ikerlariek ustezko legez kanpoko finantzaketa frogatzen duten elementuak, Libiako buruzagien testigantzak tartean, bildu dituzte. Datuok eskuan, Sarkozy zaintzapean deklaratzera deitu du orain Polizia judizialak.

Sarkozyk eta 'bere bigarrenak' akusazioak ukatu dituzte

Sarkozyk ez ezik, Brice Hortefeux Barne ministro izandako eta presidente ohiaren 'bigarrenak' ere deklaratu zuen atzo. Gerora Twitterren azaldu zuenez, "akats eta gezurren segida ixteko azalpen guztiak eman ditut".

SARKOZY GADAFI 2007 ELISEO

Sarkozy eta Gadafi, azken horrek Parisera 2007an egindako bisitan. EFE

Estrategia berberari heldu omen dio 2007-2012 urteen artean presidente izandakoak. Akusazio guztiak ukatu ditu eta bere kontrako akusazioak egin dituztenen izen ona zikintzen saiatu da. Batez ere Ziad Takieddine enpresaburu eta bitartekaria hartu du jomuga. Takieddinek 2016an aitortu zuenez, 2006ko urte bukaeraren eta 2007ko urte hasieraren artean, bost milioi euro eraman zituen Tripolitik Parisera, eta Claude Geantiri eta Nicolas Sarkozyri, orduko Barne ministroari, eman zizkion.

Aurretik ere legez kanpoko finantzaketagatik auzipetuta dago Sarkozy. 2012ko hauteskundeen finantzaketagatik akusatuen aulkian jesarri beharko da Frantziako politikaria.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hauteskundeak Frantzia gaur