Mundua -

KEMEROVO, ERRUSIA

Siberiako sutearen errudunak zigortu egingo dituztela agindu du Putinek

Errusiako presidenteak “zabarkeria kriminala” ikusi du jokabide batzuen atzean, eta eraikina azken aldiz 2016an ikuskatu zutela jakinarazi du.

Vladímir Putin suteak suntsitu zuen merkataritza zentroaren alboan lore-sorta uzten. Argazkia: EFE.
Vladímir Putin suteak suntsitu zuen merkataritza zentroaren alboan lore-sorta uzten. Argazkia: EFE.
Vladímir Putin suteak suntsitu zuen merkataritza zentroaren alboan lore-sorta uzten. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igandean Siberiako merkataritza zentro batean 64 pertsona (41 ume tartean) hiltzea eragin zuen sutearekin loturaren bat duten arduradunak zigortu egingo dituztela agindu du Vladimir Putin Errusiako presidenteak, eta batzuen jokabidearen atzean “zabarkeria kriminala” izan zela salatu du.

Putinek lore-sorta bat utzi zuen suteak suntsitu zuen merkataritza zentroaren ondoan, milaka pertsona Sobietar plazan protestan zeuden bitartean, udaleko eta eskualdeko agintariei dimititzea eskatzeko. “Ez izan zalantzarik; errudun guztiek jasoko dute zigorra”, agindu zuen Putinek, hiriko alkatearekin eta, plazan protestan zeuden pertsonak ordezkatuz, herritar talde batekin egindako bileran.

Elkarrizketan, Putinek zalantzan jarri zuen eraikinaren egoera. Iliá Serediuk alkatearen esanetan, eraikina 2014. urtean entregatu zuten, berak alkate kargua hartu aurretik, baina azken ikuskapena 2016. urtean egin ziotela onartu zuen.

Topaketa horretan, Errusiako presidenteak adierazi zuen ez duela zentzurik hildakoen kopurua zalantzan jartzeak, eta sare sozialetan zabaldu diren datuak ez sinesteko eskatu zien.

Tragediaren inguruko datuak zabaldu ahala, gero eta handiagoa da herritarren haserrea. Izan ere, ikerketaren arabera, zirkuitulabur batek eragin zuen sua. Merkataritza-gune horretako suteen aurkako sistemaren alarmak egunak zeramatzan deskonektatuta, eta sua piztu zenean 4. solairuko bi zinema-aretoetako ateak blokeatuta zeuden, ikertzaileen hitzetan.

Alexandr Bastrikin Errusiako Instrukzio Batzordeko presidenteak Putini jakinarazi zionez, sutea hasi bezain pronto, merkataritza zentroko langile gehienek alde egin zuten, umeak eta helduak bakarrik utzita. Horren esanetan, korrika atera ziren lehenengoak eraikin horretako segurtasun arduradunak izan ziren.

Sutean hildakoen senideei eta zaurituei behar duten laguntza guztia emateko agindu du Putinek. Ezbehar oso larria izan da, 2009. urtean Perm hirian izandako ezbeharra gertatu zenetik Errusian izan den larriena. 153 pertsona hil ziren orduan hiri horretako gaueko klub batean izan zen sutean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Suteak Errusia berriak Vladímir Putin albisteak