Mundua -

Kuba

Miguel Diaz-Canel proposatu dute Kubako presidente kargurako

Parlamentu berriak bozketa bidez erabakiko du orain Diaz-Canel presidente izendatu ala ez. Emaitzak ostegunean jakinaraziko dituzte.

Miguel Diaz-Canel Kubako presidentegaia, Raulekin. Argazkia: EFE
Miguel Diaz-Canel Kubako presidentegaia, Raulekin. Argazkia: EFE
Miguel Diaz-Canel Kubako presidentegaia, Raulekin. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kubako Parlamentu berriak Miguel Diaz-Canel egungo lehen presidenteordea proposatu du Raul Castrok utziko duen presidente kargua hartzeko. Trantsizio historikoa da; izan ere, 1959ko Iraultzatik lehen aldia izango Castro familiakoa ez den pertsona bat Kubako presidente izendatzen dutela.

Parlamentu berria gaur osatu da, 605 diputatuek eserlekua hartuta. Orain, Estatu Kontseiluko 31 kideak nortzuk izango diren erabaki beharko dute, tartean presidentea.

Hautagaitzen Batzordeak 31 hautagai proposatu ditu, baina azkenean Diaz-Canel aukeratu dute presidentegai. Bozketa bidez erabakiko dute orain Daiz-Canel Kubako presidente izendatu ala ez. Nolanahi ere, emaitza ostegunean jakinaraziko dute.

Esteban Lazo Parlamentu berriko presidenteak azaldu duenez, diputatuek hautagai guztien biografiak jasoko dituzte eta ordubeteko epea izango dute testuak aztertu eta botoa nori eman erabakitzeko.

Ezustekorik ez bada, Diaz-Canelek hartuko ditu Estatuburu eta Gobernuburu karguak, baina 2021a bitartean Raul Castro izango da Kubako Alderdi Komunistako lehen idazkaria eta, beraz, botere aldaketa ez da erabat gauzatuko ordura arte.

Diaz-Canel 57 urteko ingeniaria da, Alderdi Komunistari lotutakoa, baina ez Kubako Armadari. Publikoki esana dauka bere asmoa Raul Castroren politikari "jarraipena" ematea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaurko azken ordukoa Kuba