Mundua -

Eskandalua

Cambridge Analytica itxi dute Facebooken datuen filtrazioaren ostean

Eskandaluak bezero galera eta kostu judizial handiak eragin dizkio enpresari, eta Erresuma Batuan eta AEBn dituen bulegoak zarratu behar izan ditu.

Cambridge Analyticak Londresen zuen egoitza. Argazkia: EFE
Cambridge Analyticak Londresen zuen egoitza. Argazkia: EFE
Cambridge Analyticak Londresen zuen egoitza. Argazkia: EFE

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cambridge Analytica (CA) enpresa britainiarrak bere jarduera guztiak "berehala" etengo dituela jakinarazi du. Konpainia jomugan dago Facebookeko milioika erabiltzaileren datu pertsonalak erosi eta helburu politikoekin erabili zituelakoan.

CAk oharra kaleratu du esanez "iraindua" izan dela "legezkoak ez ezik, sareko publizitatean, politikan eta merkataritzan zabal onartuta ere badauden jarduerengatik". Enpresa gertutik ezagutzen duen pertsona baten iritzian, eskandalua ezagutarazi zenetik ehunka bezero galdu eta filtrazioarekin lotuta kostu juridiko handiak aurreikusi ditu konpainiak.

Cambridge Analytica berak eta horren enpresa nagusiak (SCL Elections) Erresuma Batuan eta AEBetan dituzten bulegoak ixteari ekin diete, eta konpainia kaudimengabea jotzeko prozesua abiatu dute.

Cambridge Analyticaren esanetan, azken hilabeteotan "funtsik gabeko akusazio ugariren" jomuga izan da.

Martxoan lehertu zen eskandalua. Hilabete hartan Alexander Nix enpresako kontseilari delegatua kargugabetu zuten, ezkutuko kamera batekin grabatutako irudiek sortutako eskandalua tarteko. Chanel 4 telebista kateak grabatutakoetan ikus daitekeenez, Nixek balizko bezero batzuei azaltzen zien enpresak politikarien izen ona zikintzeko erabiltzen zituen taktikak. Bezero horiek kazetariak ziren egiaz.

Bideo horiek ezagutzera eman baino lehen hainbat egunkarik zabaldu zuten berria. Horren arabera, Cambridge Analyticak Facebookeko 87 milioi erabiltzaileren datu pertsonalak bildu zituen eta hirugarren batek egindako aplikazio baten bitartez, boto-asmoan eragiteko programa garatu zuen. 15 milioi dolar irabazi ei zituen CAk ustez Trumpen kanpainaren alde egiteagatik.

Konpainiak, aldiz, akusaziook ukatu ditu eta txosten independente bat eskatu du. Agiri horren arabera, enpresak "helburu politikoekin lotuta egindako jarduerak ez daude frogatuta".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Facebook Teknologia Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Erresuma Batua Hauteskundeak AEB Albisteak