Mundua -

Turinetik gertu

Bi pertsona hil eta 23 zauritu dira tren istripu batean, Italian

Ibilgailua trenbide-pasagune batetik igarotzen ari zen trenbidetik atera denean, antza denez, kamioi baten aurka talka egin ondoren. Hildakoetako bat makinista da, eta bestea teknikari bat.

Trenak zeramatzan hiru bagoietatik bi bidetik atera dira. AFPren bideo batetik hartutako irudia
Bi pertsona hil dira tren bat trenbidetik atera ostean, Italian

1:18

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi pertsona hil eta 23 inguru zauritu dira tren bat trenbidetik aterata, Turinetik 35 bat kilometrora, Italiako iparraldean, zenbait hedabide italiarren arabera.

La Repubblica egunkariak aireratu duenez, istripua bart izan da, 23:30 inguruan, Calusoko trenbide-pasagune batetik igarotzen ari zela.

Antza denez, pasagunearen hesia goian zegoen, kamioi baten garraio berezi batengatik. Une horretan trena heldu zen, eta talka egin zuen.

Biktimetako bat trenaren makinista zen, 61 urtekoa, eta bigarrena, aipatutako egunkariaren arabera, trenaren teknikari bat.

Trenak hiru bagoi zeramatzan, eta horietatik bi trenbidetik atera dira, zutoin bat bota eta etxe baten patioan geratuta.

Lehenengo datuen arabera, kamioia (Lituaniako matrikula zeukan) edukiontziak garraiatzen ari zen, eta trenbide-pasagunea zeharkatu zuen, nahiz eta abisua martxan zegoen.

Makinistak balazta sakatu zuen arren, talka saihestezina izan zen, zenbait hedabideek diotenez.

Estatuko Trenbide zerbitzuaren esanetan, trenean 40 bat pertsona zeuden une horretan, eta irten ezinik geratu ziren. Gauean zehar atera dituzte.

Kamioi gidaria ez da zauritu istripuan. Ondoren, deklaratu du eta alkoholemia analisia egin diote.

Garraio berezia zenez, kamioiarekin batera eskolta bat zihoan. Auto horretako pertsona batek azaldu duenez, kamioia pasagunean sartu zenean semaforoaren argi gorria piztu zen. orduan, atzera egiteko esan zion gidariari, baina une horretan hesia jaitsi zen, kamioia barruan harrapatuta geratuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Italia Trenen Istripuak