Itxi

X-inigoherce-X

Analisia

Fracking-aren inguruko borroka

Iñigo Herce

Iñigo Herce

Fracking-aren eztabaida bete betean sartuko da gurean hurrengo hilabeteotan. Lehia bizia aurrikusten da maila politikoan, ekonomikoan, judizialean eta, batez ere, iritzi publikoan ere.

Hidrokarburoak lurretik haustura hidraulikoaren bidez ateratzeko teknikak, ingelesez fracking izenaz ezaguna, datozen hilabete eta urteotan gizarte eta politika mailan gatazka gogorrenetakoa izango dela ematen du. Zantzuen arabera, eskisto-gasaren biltegiak daude Bizkaiko kostaldetik 100 kilometrora, baita Araban ere. Horrek gure lurraldea frackingaren maparen erdi-erdian jarri du. Hurrengo hilabeteotako borroka maila politikoan, ekonomikoan, epaitegietan eta, batez ere, iritzi publikoan izango da.

Patxi Lopez lehendakari zela Jaurlaritzak Arabako gasa teknika honen bidez ustiatzearen aldeko apustua egin zuen. Orain, berriz, alderdi sozialistak atzera egin du eta, frackingaren arriskuez ohartaraziz, orduan egindako apustuan “oker” jokatu zuela onartu eta jarrera aldatu du.

Euzko Alderdi Jeltzalea “natura baliabideak ba ote dauden ikertzearen alde” dago, baina “ingurumena bermerik gabe ikertu eta ustiatzearen aurka” dagoela nabarmendu du. Araban, aldiz, Gasteizko Udalerako hautagai jeltzalea frackingaren kontra agertu da eta “anbiguotasuna” alde batera uzteko eskatu dio bere alderdiari. Alderdi Popularra teknika horren alde egonik, Javier Maroto Gasteizko alkatea du kontrako ahots ezagunena. Euskal Herria Bildu da frackingaren kontra  hasieratik dagoen alderdi bakarra.

Eusko Jaurlaritzan, Arantza Tapia buru duen sailak eta Energiaren Euskal Erakundeak aurrera jarraitzen dute Lopez lehendakariaren garaian hasitako ibilbidearekin, eta 2019an ustiatzeari ekitea ahalbidetuko lukeen tramiteak abiatu ditu. Orduan, hodiak sartutakoan, ez aurretik, jakingo dugu gure lurretan gasik dagoen eta hobi horiek zer-nolako ezaugarriak dituzten, kalitateari eta kantitateari erreparatuta.

Espainiako Gobernuak, azkenik, frackingari bidea errazteko urratsak ematen jarraitzen du: autonomia erkidego, udal eta lurren jabeei pizgarri ekonomikoak emateko plana bultzatu du, egun teknika horrek kontrako iritzi asko dituen gizartean jarrera aldaketa bat sustatzeko asmoz.

Modu isilagoan, gurean ere lanean hasi dira dagoeneko energiaren alorrean interesak dituzten enpresak; izan ere, iritzi publikoan izango da borroka honen zati garrantzitsuena. Orain arte, behintzat, aurrea hartu dute horren kontrako taldeek eta teknika horren arriskuez ohartarazi duten ahotsek. Frackingaren alde hitz egiten dutenek baino ekimen gehiago bultzatu dituzte. Sokaren beste muturrean, hidrokarburoen alorrean urteak lanean diharduten teknikariek ez dute hain diskurtso ezkorra, ezta kontrakorik ere: ingurumenean inpaktua duela ukatu gabe, berau esaten dena baino txikiagoa dela diote, eta, arauak betez gero, berme osoz ustiatu daitekeela. Frackingak lurpeko ur biltegietan eta mugimendu sismikoetan izan dezakeen eragina txikia dela diote. Baina pribatuan. Izan ere, oraingoz behintzat, inork ez du bere gain hartu nahi teknika honen alde azaltzeak ekar dezakeen kostua.

Itxura guztien arabera, maiatzeko hauteskundeen ondoren beste abiadura bat hartuko du frackingaren inguruko eztabaidak. Horren aurkako ehun mila sinadurak babesten duten herri-ekimen legegile bati bide eman dio Eusko Legebiltzarrak. Eztabaidari heltzeko aukera ona izango da. Ona litzateke, gainera, ezagunak diren jarrera politikoez gain, argudio teknikoak ezagutzea hartu beharreko erabakiak taxuz hartu ahal izateko.