Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

'Bob zaharra'

Juanjo Sanmiguel

Juanjo Sanmiguel

Zimbawe Afrika hegoaldeko herrialdea da, 13 miloi biztanle ditu eta herri aberatsa izan arren, biztanle gehienak pobreak dira. Hori Afrikan ohikoa da, baina Zimbawe garai batean aberatsa izan zen.

Zimbawe Afrika hegoaldeko herrialdea da, 13 miloi biztanle ditu eta herri aberatsa izan arren bertako biztanle gehienak pobreak dira. Hori Afrikan ohikoa da, baina Zimbawe garai batean aberatsa izan zen,batez ere zuriek sortzen zutelako aberastasuna. Cecil Rhodes britainiarrak eta bere kolonoek gaur egungo Zimbawe eta Zambia hartu zituzten lur aberatsak zirelako (batez ere lur azpia zeukaten aberatsa) eta lan egiteko jendea bizi zelako bertan. Joan zen mendeko 60ko hamarkadan Erresuma Batuak Rhodesek bereganatu zituen lurrei independentzia onartu eta Rodesia sortu zen. Rodesia berri horretan, hegoalderago dagoen Hego-Afrikan zeuzkaten lege arrazistak izan zituzten urtetan, biztanleen %5 besterik ez ziren zuriek zeuzkaten lurrak eta aberastasuna eta urtetan beltzek beraientzat lan egiten zuten inongo eskubiderik izan gabe.

Aldaketa 1980an gertatu zen, Shona eta Enbelede bertako tribu edo talde nagusiek antolatutako gerrilaren presioak eragin zuen aldaketa eta Rodesia Zimbawe bihurtu zen. Herrialde hau sortu zenetik agintean izan da Robert Mugabe. Lehendabizi gerrilari izan zen, gero, lehen ministro, eta, azken 25 urtetan, presidente. Mugabe izan zen hasierako urte horietan aldaketaren eragile eta irudi, zuriei ez zien lurra kendu, baina beltzei eman zizkien ez zeuzkaten eskubideak, alfabetatze kanpaina bultzatu zuen eta aberastasuna banatzen ahalegindu. Lehen urte horiek onak izan ziren, Zimbawe Afrikako jaki ekoizle handienetakoa zen eta bazirudien gizarte berri baten eredu izan zitekeela. Baina orduan hasi zen hondamendia.

Lehendabizi Sobiet Batasunaren erorketa, gero Zaireko gerra, Afrikako Mundu Gerra deitu zena, bertan zuzeneko esku hartzea izan zuen Zimbaweko Armadak. Gero zuriei lurra kendu eta era egokian lan egin eta ekoizten ez zekien jendeari eman zizkien, asko hutsik geratu ziren, besteen etekina oso urria izan da harrezkero. Hortik aurrera neurri gabeko inflazioa (% 100.000 gainditu izan du), langabezia(%80). Jaki esportatzailea zen herrialdea erosi beharrean aurkitu zen eta ez zeukan dibisarik, Gobernuak bileteak inprimitzeari ekin zion eta bileteak egin ahala inflazioak, langabeziak eta pobreziak gora egiten zuten.

Herrialde hau estatu denetik Mugabe izan da agintean, baina ez dirudi berak erantzunkizunen bat duela uste duenik. Azken 15 urtetan ekonomiak atzera egin du, errepresioa areagotu eta hauteskundeak nahi bezala moldatzen ditu. Guzti hori gutxi balitz HIES gaitzak benetako apokalipsia eragin du Zimbawen:13 miloi biztanleetatik %25ek HIES gaitza du, urtero 180.000 pertsona hiltzen dira gaitzak jota, miloi bat haur umezurtz utzi ditu eta ekonomiaren egoera hondamendi bihurtu.

Gaur egun Zimbawe 180. tokian da munduan aberastasunaren zerrendan…Eta, aste honetan, Bob Zaharrak 91 urte egin ditu eta behar bezala ospatu nahi izan du bere urtebetetzea, hortarako 20.000  lagun gonbidatu ditu Harare hiriburuko golf eremuan, miloi eurotik gora gastatuko dute festa horretan eta besteak beste bi elefante, bi bufalo, 5 inpala eta 2 antilope beltz jango dituzte. Zimbawetarren hamarretik bederatzik egunean bi euro baino gutxiago du bizitzeko.