Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Yemen eta musulmanen arteko gerra zibila

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Yemen bitan zatitzeko zorian dago berriro, 1962-1990 artean gertatu zen bezala. Sunien eta xiiten arteko borroka dago atzean.

Yemen bitan zatitzeko zorian dago berriro, 1962-1990 urteen artean gertatu zen bezala. Orduan bi herrialde zeuden: Iparraldeko Yemen eta Hegoaldeko Yemen. Egia esan, batasuna sekula ez da izan erreala, handiegiak direlako ezberdintasun geografikoak, erlijiosoak eta leinuen artekoak. Leinu batzuek kontrolpean dituzte Yemengo hainbat eskualde eta ez diote eragiteko zirrikiturik ere uzten herrialdeko gobernuari. Huthiena da leinu horietako bat, Iparraldeko Yemenen indar handia duena. Huthiak zaidarrak dira, hau da, xiitak. Aldiz, yemendarren gehiengoa sunia da, Islamaren beste adar nagusikoa.


Beraz, Yemengo egungo gatazkak tankera handia du beste herrialde musulmanetan gertatzen ari direnekin: Irak, Siria, Libano eta Pakistanen ere, sunien eta xiiten arteko aurrez aurrekoa delako nagusi. Gaur egun, Huthien menpe dago Sana, Yemengo hiriburua, eta Hadi presidentea babestuta dagoen Aden aldera egiten ari dira egunez-egun. Iranen babesa dute huthiek, Hadik, berriz, Golkoko monarkiena. Esan liteke musulmanen arteko gerra zibila dela, aldi berean, herrialde desberdinetan indarrean dagoen gerra zibila.