Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Arauak eta beharrak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Giza eskubideak gizaki orori dagozkigu, guztiok dugu bizimodu duina izateko eskubidea, baina munduan oso gutxi gara oinarrizko eskubide horiek ditugunak.

Esan ohi da legeak eta arauak egitea zaila dela kasu ezberdin asko galbahe beretik pasarazi beharko dugulako. Era berean, amorru gehien ematen digun jokaera, kasu berdinetarako irizpide ezberdinak erabiltzea da. Guzti hau hala izanik, sarriegi nazioarteko erakundeek ez dute berdin jokatu antzerako arazoei erantzuna ematerako orduan, eta hor Nazioarteko Diru Funtsa zerrendaren goi postuetan legoke.

Nazioarteko Diru Funtsa Bigarren Mundu Gerra ondoren sortu zuten Nazio Batuek, bere helburu nagusia XX. mendeko 30ko hamarkada astindu zuen krisi handiaren antzerakorik berriro ez gertatzeko tresnak eskuratu eta baliabideak lortzea zen .Horretarako erakunde sendo eta zabala egin zuten, herrialde bakoitzeko ekonomiaren jarraipena egin, aurreikuspenak argitaratu eta arazoei aurre egiteko arauak onartu zituzten. Funtsak bere bideari ekin zionean Mundua bitan zatituta zegoen. Bi eredu ekonomiko kontrajarriak elkarren aurkako lehia gogorrean murgilduta eta elkarlanerako aukerarik gabe. Diru Funtsak erabakiak hartzeko antolatu zuen sistema Nazio Batuen ohikoa da, herrialde bakoitzak bere indarraren, aberastasunaren eta ekarpenen araberako eragina du eta hor hasieratik Estatu Batuak eta bere aliatuak nagusitu ziren. Urte zailak ziren eta seguruenera erabaki batzuk hartzea ez zen erraza garai haietan, baina Nazio Batuetako erakunde honetan ideologiak eta ekonomiak garrantzi handiagoa hartu zuten justiziak eta pertsonen ongi izateak baino. Horren ondorioz, herrialde askori emandako laguntzen truke eskatutakoa "kapitalismoaren ortodoxiatik" gertuago zegoen herri horren eta bertako biztanleen beharretatik baino. Eta horren adierazle da, azken krisi honetan erakunde horretako aditu eta arduradun nagusiek irizpideak aldatu dituztela, zalantzan jarri dituztelako orain dela gutxi arte ukaezinak ziruditen "egiak". Agian guzti hori gertatu da neurriak hartu behar izan dituzten herrialdeak aberatsenak izan direlako, orain arte besteei agindu edo adierazten zietenak zer zen egokiena euren onerako.

Krisi honek beste kontraesan batzuk ere utzi ditu agerian. Nazioarteko erakundeei, Troika famatuari batez ere, leporatu zaie hartutako erabakien bidez herri batzuk pobrezia egoerara eraman dituztela, murrizketak eginez ongizate gizartea desegin edo gutxienez ahuldu dutelako. Erakunde horiei egotzi zaie herritarren eskubideak murriztu izana. Giza eskubideak gizaki orori dagozkigu, guztiok dugu bizimodu duina izateko eskubidea, baina munduan oso gutxi gara oinarrizko eskubide horiek ditugunak. Bakar-bakarrik lortzen dugu ordaindu dezakegun hori. Burkina Fasoko haurrek eskubide osoa dute eskolara joateko, behar dutena jateko edo gaixotzen direnean botikak eskuratzeko, baina ez beraiek, ez beraien gobernuak ezin ditu behar, beharrezkoak diren eskubide horiek ordaindu Greziarren eskubideak zeinek ordaindu behar ditu? Eskubideen mapan muga politikoak erabakigarriak al dira? Erantzukizun pertsonalak behartzen al gaitu ala beti erakundeei dagokie arazo hauek konpontzea? Zenbat balio dute eskubideek?