Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Si vis pacem

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Esan ohi da bakea nahi izanez gero, gerrarako prestatu behar duzula. Baina historiak erakutsi digu gerrarako prestatuz gero, gerra iristen dela.

Munduan urtean bi bilioi dolar gastatzen ditugu armetan eta defentsa sistematan. Dirutza horretatik zati handiena,% 40, Estatu Batuei dagokie, baina azken urte hauetan defentsa aurrekontua gehien handitu duena Txina izan da. Zerrendako lehen bost postuetan Nazio Batuetako Segurtasun Batzordean beto eskubidea duten bost herrialdeak azaltzen zaizkigu: Errusia, Txina, Britainia Handia, Frantzia eta Estatu Batuak. Europako arma industriak beharko genukeena baino hiru aldiz gehiago ekoizten du.

Bigarren Mundu Gerran 60 bat milioi pertsona hil zituzten, gehienak arma astunen erabileraren ondorioz, artilleria, tankeak, hegazkinak, eta behar izanez gero, arma nuklearrak... Harrez gero, munduan izan diren gatazka armatuetan 30 milioi pertsona hil dituzte, 26 milioi arma arinek, pistolek, fusilek eta metrailadorek.

Gaur egun, munduan 640 milioi arma arin daude, erdia, zibilen eskuetan. Estatu Batuetan beste inon baino gehiago, 310 miloi izan litezke, bat biztanle bakoitzeko. Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik 70 miloi AK-47, Kalashnikov ezagunak, egin dituzte; historian zehar gehien erabili den eta jende gehien hil duen arma arina. Gerrak eta gatazka armatuak amaitzen direnean erabilitako arma gutxi batzuk desegin egiten dituzte, baina gehienak zibilen eskuetara joaten dira eta bake akordio horietatik hornitzen dira gaizkile eta gerrillari taldeak.

Esan ohi da bakea nahi izanez gero, gerrarako prestatu behar duzula, hori zioten erromatarrek (si vis pacem para belum), eta mendez mende erabili dugu esaera. Baina historiak eta bizitzak erakutsi digu gerrarako prestatuz gero, gerra iristen dela eta bakea helburu izan arren, gehienetan gatazka enfrentamendu bilakatzen dela. Egia da defentsa proiektuek eta gerra jarduerak berak eguneroko bizitzan erabili edo gure bizimodua hobea egin lezaketen ondorioak ere badituztela. Medikuntza arloan, esate baterako, aurrerapen handienak gerra garaian lortu dira, zauritutako soldaduak sendatu edo erasoak eta kutsadurak galarazteko ahaleginetan batez ere. Gerrak ikerketa esparru bikainak dira eta han erabiltzen diren tresnak eta baliabideak ondoren gure eguneroko tresneria bihurtzen dira. Dronak, robotak, GPSa, anbulantziak, ordenagailuak eta, oro har, teknologiak gerra izan dute ikerketa eremu.

Gerra gizakia bezain zaharra da, hasieran tresna zena, hala ere, helburu bihurtu zaigu, eta gerra bera gizakion ahalegin handienen eragile egin dugu. Ez dakigu armak babesteko edo eraso egiteko asmatu genituen, baina denborak erakutsi digu arma edukiz gero, erabiltzeko beharra sortzen zaigula eta arrazoiak edo aitzakiak lortzen ditugula bere beharra justifikatzeko.