Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Okerragoa

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Tigris ertzean aspaldi, Estatu Islamikoa oraindik zer zen ez genekienean hasi zen mundua usteltzen. AEBk lasai zegoen piztiari akuilua sartu zioten.

Gerra omen da gizakiak bizi lezaken egoera gogorrena. Orduantxe, mugiarazten gaituzten deabru guztiak berpiztu eta lanean hasten direlako. Gerratan ikusi ditugu jokaera eta irudi beldurgarrienak. Gerratan urratu ditugu marra eta muga guztiak, gerratan egin dugu ezta sukar gaizto eta bortitzenetan ere imajinatuko ez genukeena. Eta gerratan sekula gertatu gabea gerta litekeela egiaztatu dugu.

Gaur egun kultura sortu zen lurretan, Tigris eta Eufrates ibaien arroan giza-deabru guztiak aske dabiltza. Estatu Islamikoa entzun edo irakurtzerakoan ankerkeriak, gehiegikeriak, basakeriak datozkigu burura, baina Tigris ertzean aspaldi, Estatu Islamikoa oraindik zer zen ez genekienean hasi zen mundua usteltzen. Estatu Batuek inongo arrazoirik gabe herri bati eraso egitea erabaki zuten, Abu Graib sortu zuten eta krimena zilegi bihurtu. Lasai zegoen piztiari akuilua sartzerakoan ekaitza eragin zuten, xiita eta sunien artean urtetan pilatutako gorrotoa leherrarazi dute, mendeetako mendekuak hartzeko garaia iritsi zaie guztiei. Atzerritik joandako gazteek ez dute eragozpenik hilez hiltzeko eraso suizidetan, buru erlijiosoek emakumeak erabat estali dituzte eta gizonei arau zehatz, gogor eta burugabeak ezarri…

Iraken eta Sirian, tiroak eta bonba hotsen gainetik 6, 7, 8 gerra daude nahastuta eta korapilatuta. Estatu Islamikoak xiitak eta tribuak ditu etsaitzat, Al Qaedak Estatu Islamikoa, xiitek suniak eta suniek xiitak, batzuk eta besteak elkarrekin lehian nork sarraski beldurgarriago egiten duen. Ramadi hiria islamiarren esku erori zen talde berean elkarrenganako gorrotoa handiagoa delako etsaiari aurre egiteko kemena baino. Armada irakiarra erretiratu zen aurrean zeuzkan milizianoak baino gehiago izan eta arma hobeak eduki arren. Ashton Cater Estatu Batuetako defentsa idazkariak euren herria babesteko ausardia falta eta adore eza leporatu die soldadu irakiarrei, baina adorea, elkartasuna ,kidetasuna aspaldi agortu ziren lur lehor haietan.

Esan ohi da gerrak gizakiaren onena eta txarrena ernarazten duela, baina zibilizazioa sortu zen lurretan txanponak alde bakarra du.