Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Benetan nahi ez duen erreskatea eskatu du Tsiprasek

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Greziak ez ditu bigarren erreskatearen baldintzak bete, ez du zor duen dirua itzuli nahi eta orain, besterik gabe, diru gehiago eman diezaiotela eskatu du

Alexis Tsipras orain urte eta erdi agintera iritsi zenean, ez zuen Greziarako hirugarren erreskaterik nahi. Erreskatea, baldintzak eskatzen dituen mailegua da eta gobernu greziarrak ez zuen baldintza berririk jartzerik nahi. Hilabete hauetan negoziatzen aritu dira, Greziak bigarren erreskatearen baldintzak bete zitzan. Baina, negoziazioen ondorioak ikusita, argi dirudi Greziako gobernuak ez duela, sekula, baldintza horiek betetzeko asmorik izan. Horregatik harrigarria izan da orain Tsiprasek beste erreskate bat eskatzea, alegia, beste mailegu bat, eta gainera, zorraren berregituraketa, edo beste modu batean esanda: Greziaren zorraren puska bat edo zati osoa barka diezaiotela. Ez ditu bigarren erreskatearen baldintzak bete, ez du zor duen dirua itzuli nahi eta orain, besterik gabe, diru gehiago eman diezaiotela eskatu du, musu-truk, esan ohi den moduan.


Igandeko erreferendumari begira egindako estrategia dirudi honek: Tsiprasek ezezkoa eskatu du, alegia, Europar Batasuneko kide eta aldi berean hartzekodun direnek egin duten azken eskaintza ez dadila onartu. Estrategia honekin, Tsiprasek greziarrei ulertarazi nahi die Europako Batasunarekin zabalik zeuden negoziazio aukera guztiak agortu direla, Europako buruzagiek greziarrak umiliatu nahi dituztela, eta beraz, greziarrek herri-harrotasunari heldu eta ezetz bozkatu behar dutela.