Itxi

Juanjo Sanmiguel

Analisia

Sasoi ilunetan

Juanjo San iguel

Juanjo San iguel

- Erredakzioa -

Grezian, edo Grezia dela eta sortu den egoeran, badirudi ate guztiak itxita daudela eta hondamendiaren mamua gainean dugula, eta tragedia berriro ere ahulenek pairatu beharko dutela gordinen.

Arazoak sortzen zaizkigunean eta, batez ere, arazoa konponezina iruditzen bazaigu, bi modutakoa izan liteke gure erantzuna, etsipena edo antzerako egoeratan izan garenean egin genuena gogoratu eta berdintsu jokatzen ahalegintzea. Grezian, edo Grezia dela eta sortu den egoeran, badirudi ate guztiak itxita daudela eta hondamendiaren mamua gainean dugula, eta tragedia berriro ere ahulenek pairatu beharko dutela gordinen. Agian, horrelakoetan komeni da nondik gatozen gogoratu eta iragana, Europaren kasuan, beti okerragoa dela kontutan izatea.

XX. mendean, 20 urteko epean Europan bi gerra beldurgarri izan ziren. Bigarren Mundu Gerran 60 milioi pertsona hil zituzten, gizakiak egin eta ezagutu dituen basakeri izugarrienak gertatu ziren gatazkak iraun zituen bost urtetan.

Bi gerra hauetan Frantzia eta Alemania etsai amorratuak izan ziren, baina gerra amaitu eta urte gutxira Robert Schuman Frantziako kanpo harremanetarako ministroak dei egin zion Alemaniari, orduko Alemania Federalari, gorrotoa elkarlana eta lankidetza bihurtzeko. Konrad Adenauer kantzilerrak berehala erantzun zion eta lehen hitzarmena lortu zuten Italia, Luxenburgo, Belgika eta Herbehereekin batera, Ikatza eta Altzairuaren Elkartea sortu zuten.

Altzairua eta Ikatza orduko industriaren baliabide nagusiak ziren, baina batez ere gerrarako ezinbesteko tresnak, ordura arteko etsaiek elkarrekin lanean kontrolatzen bazituzten gerra lehertzeko arriskua urrutirako zutela pentsatu zuten.

Guzti hori orain dela 65 urte gertatu zen eta harrezkero elkarte hura zabaltzen eta sendotzen joan da. Sei kide izatetik 28 izatera pasa da, gaur egun, Europar Batasunak 500 milioi biztanle ditu, 4 milioi kilometro koadro baino gehiago eta munduko lehen potentzia da arlo guztietan.

Baina, batez ere, beste inon baino gehiago garatu dira hemen demokrazia, giza-eskubideak eta ezberdinarekiko errespetua. Europar Batasunak akats nabarmenak ditu sorreratik eta oker handiak egin ditu bere ibileran zehar.

Azken krisi honek gainera min handia egin digu eta pobre eta aberatsen arteko aldea handitu du. Betirako eta aldaezinak iruditzen zitzaizkigun eskubideak eta ongizatearen osagaiak arriskuan dira, eta etsipena nagusitzeko aukerak inoiz baino handiagoak.

Egia da bakoitzak historia kontatzen duela historia horrek eman dion tratuaren arabera,eta gaur Europan eta gure ondoan asko direla benetako zailtasunak dituztenak inguruan positiboa izan liteken zerbait ikusteko,egun batean argia itzali zitzaielako edo baten batek etengailua mugitu diolako.Baina Europar Batasuna gizakiak inoiz egin duen proiektu zailena eta harrigarriena da.

Milaka gutxi batzuk ados jartzeko zailtasun handiak dituzten leku eta arloetan ehunka milioiren ordezkariek hitzarmen zabalak lortu dituzte eta gehiengoaren bizimodua hobetzeko balio izan duen proiektua eraiki.Sasoi ilunetan ez dugu modurik izaten argi izpi txikiena ere atzemateko, baina utopia eta entelekia,izan den edo izan daiteken zerbaiten parean jarri beharra dago,eta hor oraindik garaile gara.