Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Jainkoek ez digute azalpenik ematen gure zorigaitzen zergatiez

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Gure artean badira aldiro-aldiro Sisifoen zigorraren tankera hartzen duten egoerak, horietako bat da palestinar eta israeldarren arteko harremanetan sortutakoa.

Greziarren mitoen artean bada bat amorrua, etsipena eta azkenerako ernegazioa sortzen duena. Sisifo Korintoko erregea zen eta gehiegi argitu ez diren arrazoiengatik, ziur aski jainkoek ez dutelako azalpenik eman behar, mendian gora harri handi bat igotzera zigortu zuten, gailurrera iristear zela beheraino erortzen zen, eta Sisifok berriro harria hartu eta gorako bideari ekin behar zion, eta horrela behin eta berriz, amaierarik gabe.

Gizakion jokaera eta harremanetan badira, aldiro-aldiro Sisiforen zigorraren tankera hartzen duten egoerak, horietariko bat Ekialde Hurbilean, palestinar eta israeldarren arteko harremanetan eta bizikidetzan sortutakoa da. Azken 67 urtetan, garai bateko Palestina bitan zatitu eta banatu zutenetik istilua, gerra, liskarra eta gatazka izan dira nagusi munduko bazter honetan. Gerrak egin dituzte, bake akordioak sinatu, buruzagiei Bakearen Nobel Saria eman diete itxuraz egoera bideratzea lortu zutelako, baina harkaitzak gailurrean zirudienean berriro amiltzen zen mendian behera.

Egun hauetan hirugarren Intifada lehertzeko arriskua aipatzen dute komunikabideek, ugaritu egin dira elkarren kontrako erasoak, hildakoak eta zauritutakoak. Poliziak, etxean armak dituzten israeldarrei dei egin die kalera arma aldean dutela irten daitezen, arriskupean direlako. Israeldar asko gogait eginda daude etengabeko kezka, elkarrekiko gorrotoa, ezinegona, beldurra…oso nekagarriak direlako; Palestinarren artean, etsipena da nagusi. Behin eta berriz uste eta nahi zutena hutsean geratu da. Agintariek hitzemandakoa ez da sekula bete. Pobrezia, indarkeria eta heriotza izan dute lagun herri bat zirela aldarrikatu eta estatua sortzen hasi zirenetik.

Urteak pasa ahala batzuen itxaropena agortu egin da, besteen artean egi osoa dutenaren susmoa indartu. Bitartekotza egin behar dutenek ez dakite zein dagoen alde batean eta zein bestean. Munduan zehar asko dira batzuen edo besteen izenean hitz egiten dutenak. Asko, batzuen edo besteen alde borrokan ari direla aldarrikatzen dutenak. Asko, gatazka hau bideratzen ez bada, ondorioz gehiago eta indartsuagoak sortuko direla uste dutenak… Baina harkaitzak goitik beherako bidea hartzen du tontorrera iritsi dela iruditzen zaigunean.

Sisiforen kasuan, jainkoek ez zuten azalpen handirik eman eta ez dakigu zehatz zergatik zigortu zuten. Ekialde Hurbila hiru jainko boteretsuenen gotorlekua da. Hirurak bakarrak eta guztiz ahaltsuak dira, ez dute beste inor alboan onartzen eta ez dute azalpenak emateko beharrik. Ez dakigu ados jarri diren ala elkar amorratzeko egiten duten egiten dutena, baina harria besteen bizkarrean jarri dutela badakigu.