Itxi

Juanjo Sanmiguel

IRUZKINA

Esker on

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Portugalen gertatutakoa eredugarri izan liteke onerako eta txarrerako, zer egin liteken eta zer ez zehazteko.

Baten bat erreskatatu dugula edo erreskatatu dutela entzuten dugunean guztiok pentsatzen dugu baten bat salbatu egin dutela. Hala ere, badirudi azken urtetan hitzaren esanahia aldatu egin dela. Orain dela 5 urte Portugalek laguntza eskatu behar izan zion Europar Batasunari, gaizki kudeatutako ekonomia errukirik gabe astindu zuelako krisiak, Portugali merkatuak itxi zitzaizkion eta ezin zuen mailegurik lortu oinarrizko beharrei erantzuteko. Orduan, Troika deitzen genuenak 78 mila miloi eman zizkion gobernuari eta laguntzaren truke baldintza zehatzak jarri.

Zergak igo behar izan zituzten, BEZ deritzana % 23 arte, soldatak jaitsi eta funtzionarioei aparteko soldata kendu zitzaien. Osasun arloan 7 mila milioitako murrizketak egin zituzten eta Hezkuntzan 3 mila milioikoak. Medikuaren kontsultagatik eta botikengatik ordainketa gehigarria ezarri zitzaien eta alor publikoan eta pribatuan langabeziak gora egin zuen, % 17 gainditu arte.

2014an amaitutzat jo zuten erreskatea, Portugalek Europar Batasunaren babesik gabe dirua lor zezakeen merkatuan eta, oro har, goraipamenak jaso ditu egindako ahaleginagatik. BainaM Portugalek, oraindik, 14 mila miloi zor ditu, portugaldarrak, bataz beste, orain 5 urte baino % 20 pobreagoak dira eta Portugali orain 5 urte zeukan zorra ia bikoiztu egin zaio.

Aste honetan Europar Batasunako Kontu Epaitegiak oso gogor jo du Komisioaren aurka, erreskate planak egiterakoan, batez ere, Portugalekiko jokaeran, oker handiak eta, batik bat, bidegabekeria nabarmenak egin zituelako, baldintza oso gogorrak jarri zizkiolako kontutan hartu gabe neurri horiek izango zuten eragina eta ekarriko zituzten ondorioak.

Portugalen gertatutakoa eredugarri izan liteke onerako eta txarrerako, zer egin liteken eta zer ez zehazteko. Baina kontutan hartzeko modukoa da egin berriak dituzten hauteskundeetan, bi alderdi nagusiek, erreskatea eskatu zuenak eta erreskate hori kudeatu zuenak emaitza onak izan dituztela, ez dutela apenas botorik galdu.

Portugaldarren gehiengoak uste du orain dela 5 urte baino okerrago bizi dela, iruditzen zaio eskatu zaion sakrifizioa gehiegizkoa izan dela eta salatu du ez dela orekatua izan Europar Batasunean batzuei eta besteei eskatu zaien ahalegina, besteak beste, erantzukizunak ez direlako behar bezala argitu eta ondoren horren arabera jokatu.

Krisi bortitz honen ondorioz, laguntza beharrean izan diren herrialde europarrek, orain arte beste inguru batzuetakoek hartutako sendagaia probatu behar izan dute eta egiaztatu ahal izan dugu mingotsa dela. Europar Batasunak eta erreskatearen truke baldintzak jarri dituzten erakundeek kritika oso gogorrak jaso dituzte, baina laguntza bila joan diren herrialdeek gaitza sendatzeko botika erosteko dirurik ere ez zutelako jo dute Bruselara. Ez dakiguna da beste biderik ote dagoen, batez ere, behar dugun dirua beste batzuk jartzen dutenean.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Munduko analista