Itxi

Juanjo Sanmiguel

IRUZKINA

Topikoak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Afrikan, gaur egun, gertatzen denaren erantzukizuna norena den jakiteak edo kontuak batzuei edo besteei eskatzeak ez luke ezer konponduko.

Afrika hitza entzun edo irakurtzen dugunean gehienoi beltzak datozkigu gogora, lur sail zabalak eta basatiak, gizarteak sortu aurreko animaliak … Baina zertxobait sakondu ezkero gatazkak, sarraskiak,pobrezia, gaitzak eta gosea nagusitzen direla dirudi. Afrikarrek behin eta berriz esaten digute beraiei buruzko topikoz jositako irudia dugula. 200 miloi biztanle dituen kontinentea herrialde bakarra balitz bezala tratatzen dugula eta ezjakintasuna ausardia handiz erabiltzen dugula Kontinente Beltzera hurbiltzen garenean.

Afrikari buruz 20 lerrotan fundamentuzko zerbait adierazi nahi izatea ere, topiko guzti horietan erortzea da zalantzarik gabe, baina agian gutxitan esaten direnak noizbehinka gogoratzea, hurbiltzeko beste modu bat izan liteke. Afrikak 30 miloi kilometro koadro ditu, Europar Batasunaren zabalera 7 bider.  1.200 miloi biztanle ditu eta horietatik % 70k 20 urte baino gutxiago du. Afrikan 2 mila hizkuntza hitz egiten dituzte, eta herrialde gehienetan mendebaldeko hizkuntzaren bat biztanle gehienek ezagutzen dute; horren ondorioz, Afrika da munduko elebidun, hiru-eledun eta eleaniztun gehien duen kontinentea.

Afrikan daude munduko baliabide naturalen heren bat eta landu daitezken lurren erdia, lur azpiko aberastasuna, baita inguruko itsasoena ere handia da; baina, zoritxarrez, munduko biztanleen % 20 bertan bizi arren, Afrikaren Barne Produktu Gordina % 2,6 besterik ez da.

Beste zerbaiti buruz hitz egiten ari bagina, lekuren bat gure arbasoen sorlekua dela jakiteak, gu han sortu eta handik gatozela egiaztatzeak leku horri buruz errespetuz eta, seguruenera, maitasunez hitz egitera eramango gintuzke, baina itxuraz Afrika urrutiegi geratzen zaigu eta bertatik irtendakoen ondorengook gehiegi aldatu gara sustraiak han ditugula aldarrikatzeko.

Afrikan, gaur egun, gertatzen denaren erantzukizuna norena den jakiteak edo kontuak batzuei edo besteei eskatzeak ez luke ezer konponduko. Sarri afrikarrek beraiek ere, batez ere, agintariek eta gizarte buruek, kolonialisten gisa jokatu baitute, euren burua eta gertukoen interesak inguruan dauzkaten herrikideen ongizatearen aurretik jarriz. Afrikako arte sortzaileek eta intelektualek ez dute onartzen Mendebaldetik erakusten ditugun jarrera paternalistak eta erruki adierazpenak. Beraiek diote afrikarrek patua mendean hartu behar dutela behingoz, direna onartu eta harrotasunez bizitzen ikasi, historian lehen aldiz euren buruaren jabe bihurtuz.