Itxi

Juanjo Sanmiguel

IRUZKINA

Minbizia

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Siria Ekialde Hurbileko herri lasaienetakoa zen 2011n, Udaberri Arabiarra deitu dugun horren lehen adierazleak iritsi zitzaizkigunean.

Minbizia zerk eragiten duen ez dago batere garbi. Medikuek, gaitza sortu ondoren adierazten dute zein izan liteken arrazoia, baina gehienetan badirudi zoria, zori txarra kasu honetan, dela patuari bidea erakusten diona. Minbizia garaiaz harrapatzen bada sendatu liteke, baina hori gertatzen ez bada, eta sarri hori gertatu arren, minbizia metastasien bidez zabaldu, gorputza kutsatu eta hil egiten gaitu. Gehienetan minbiziaren sorrera eta lehen adierazleak oso txikiak dira, ez diegu garrantzi handirik ematen eta konturatu orduko beranduegi da.

Siria Ekialde Hurbileko herri lasaienetakoa zen 2011n, Udaberri Arabiarra deitu dugun horren lehen adierazleak iritsi zitzaizkigunean. Jendea kalera irteten hasi zen, familia bera agintean 41 urtetan zehar ikusi ondoren beste zer edo zer nahi zutelako, eta ez bakarrik beste aurpegi bat, benetako aldaketa baizik.

Bashar al Assad presidenteak lehen protestei eman zien erantzuna beldurgarria izan zen, protesta gatazka bilakatu zen eta gatazka gerra. Erregimenaren aurka altxatu ziren lehendabizikoak barne oposiziokoak ziren, soldadu ohiak, talde islamiarretako kideak … hauek Mendebaldearen, eta batez ere, Estatu Batuen laguntza izan zuten gobernua eta armadaren aurkako lehen altxamendu hartan. Baina Sirian medikuak ez zuen antzeman nolakoa zen gaitza, eta are gutxiago zein izan zitekeen sendagaia.

Lehen helburua Bashar al Assad eta Siriako aginte taldea botatzea zen guztientzako, baina itxuraz  batzuk ez zuten neurtu zeinen laguntza onartzen zuten, zein zen aliatu eta zein etsai. Turkiak eta Saudi Arabiak talde armatu islamiarrak, sortu, babestu eta lagundu zituzten.

Estatu Islamikoko eta Al Kaedako gerrillariek ez zuten eragozpenik izan Turkiako muga bi aldetara zeharkatzeko eta behar izanez gero Turkian babesa lortzeko. “Etsaiaren aurka guztiak balio omen du”, baina esan bezala Sirian zein den etsaia eta zein den laguna ez dago batere garbi.

Gobernuak Iran eta Libanoko Hezbollah talde xiitaren laguntza izan du hasieratik eta azken hilabetetan Errusiarena. Bere kontra Estatu Batuak, Arabia eta Turkiaren babesa duten taldeak ari dira, baina sarri talde hauek euren artean borrokan egiten dute.

Al Kaedak bere lur zatia lortu du Sirian, eta Estatu Islamikoak Siria eta Irakeko eskualdeak bat egin ditu benetako estatua sortuaz. Iparraldean kurduak euren lurra babesten ari dira, lehen Al Assad zuten etsai, orain Estatu Islamikoa eta Turkia. Eta badirudi Al Assadengandik inoiz baino gertuago daude.

Eskizofrenia ulergaitz honetan hegazkin estatubatuarrek Turkiako aireportuak erabiltzen dituzte, besteak beste, Siriako kurduak babesteko Estatu Islamikoaren aurkako borrokan. Armada turkiarrak, bitartean, egunero bonbardatzen ditu Estatu Batuen babesa duten miliziano kurdu horiek.

Metastasia inguruko herrietara zabaldu da. Iraken gerra areagotu egin da, Turkian indarkeria nagusitzen ari da, Libanon eta Jordanian errefuxiatuen zama jasanezina bihurtzen ari zaie. Europan, berriz, sendoak ziruditen oinarriak eta eskubide ukaezinak kolokan dira, ezezagunak eta atzerritarrak ugaritzen ari zaizkigulako. Minbizi honek, hala ere, batez ere, siriarrak suntsitu ditu. 22 miloi dira, erdia baino gehiago atzerritar bihurtu da bere herrian, 6 miloi kanpoan dira, ukatzen zaien babesaren bila joanda. Hildakoak 500 mila dira eta zauritutakoak zenbatezinak.