Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Estrategien arriskua

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Petrolioaren auzi honetan badirudi baten batzuk ez dutela jakin zein den euren lekua, zein den beraien benetako ahalmena, eta itxuraz egindako apustua egiteko ez zeuzkaten karta egokiak.

Petrolioaren prezioa merkatu izana da ekonomiaren ahuldadearen adierazletako bat. Petrolioa jaitsi ei da eskaintza eskaria baino handiagoa delako, eta hori gertatu omen da erregai beharra urritu egin delako ekonomiaren jarduera orokorra moteldu ondoren. Hemendik aurrera,  adituen azalpenak entzun edo irakurri ezkero, oso ezberdina da batek eta besteek diotena; sarri kontrajarriak dira arrazoiak eta ez dirudi inork oso garbi duenik zer gertatzen ari den merkatu korapilatsu honetan.

Esan ohi da bizitza honetan derrigorrezkoa dela garbi izatea non gauden eta zer garen, oker ez jokatzeko, eta, batez ere, muga arriskutsuenak ez urratzeko. Eta horrek balio du pertsonei buruz, taldeei buruz eta baita gobernu eta agintariei buruz ari garenean ere.

Petrolioaren auzi honetan badirudi baten batzuk ez dutela jakin zein den euren lekua, zein den beraien benetako ahalmena, eta  itxuraz  egindako apustua egiteko ez zeuzkaten karta egokiak.

Petrolio Ekoizleen Elkarteak ez du ekoizpena jaitsi nahi izan, batez ere, Saudi Arabiak aurkako jarrera azaldu duelako. Riadek uste du petrolio gehiegi dagoela, besteak beste, Estatu Batuetan frackingaren bidez lortutakoa neurri gabe ugaritu delako, baina fracking teknika hori erabilita ateratzen den petrolio upelak 50 dolar inguru balio du. Arabiak uste zuen petrolioa hortik behera jaitsi ezkero Estatu Batuetan petrolio mota hau ateratzeari utzi egingo ziotela.

Merkatuan petrolio gehienek antzerako prezioa izan arren, Britainia Handian kupela 52 dolar kostatzen zaie, Brasilen 49 eta Estatu Batuetan ohiko putzuetatik ateratzen dutena 36. Baina , Arabian eta Qatarren 10 dolar baino gutxiago kostatzen zaie. Hori dela eta, Arabiako agintariek uste zuten luze eutsi ahal izango ziotela jaitsierari, baina arazoak hasi dira.

Arabiak beti jasotakoa baino gehiago gastatu izan du, baina hori ez da arazoa izan sarrerak oparoak zirenean, galerak berehala oreka zitezkeelako. Arabiak, gainera, kutxa handia du dolarrez betetakoa, baina adituek diote upelaren prezioak 50etik behera luze iraunez gero urte gutxitan eragozpenak sortuko direla.

Arabian erregeak agintzen du, bera eta bere familia dira jaun eta jabe. Petrolioaren diruak aukera eman dio zerbitzu publiko egokien bidez gizartea lasai edukitzeko, erregearen familiak estatua bere etxea balitz bezala erabili arren. Orain, guztia alda liteke.

Petrolioaren prezioak egungo neurrian luze segituz gero,  Arabiak arazoak izan litzake aurrekontuak orekatu eta gaur egungo ongizate gizarte oparoari eusteko.Tirabirak sor litezke buruzagien artean. Arabiaren eragina berriz, dezente ahuldu da nazioartean, bai arlo ekonomikoan baita estrategikoan ere; besteak beste, bere etsai amorratuenak, Iranek aurre hartu diolako.

Arabia munduko herrialde atzerakoiena da, emakumeak ez du eskubiderik, homosexualak hil egiten dituzte eta Sharia da lege bakarra. Hala izan arren, mendebaldearen aliatu estuena izan da urtetan. Baina, orain, guztia alda liteke.