Itxi

Juanjo Sanmiguel

IRUZKINA

Beldurra eta erantzuna

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Azken urte hauetan bizi dugun gatazkaren nondik norakoak aztertzen hasteak luze joko liguke, baina, arriskuari eta beldurrari emandako erantzuna neurtzea errazagoa izan liteke.

Beldurrak, eta, batez ere, izuak itsutu egiten gaitu, are gehiago aurre egin behar diogun arriskua ezagutzen ez badugu edo gerta dakigukeena ulertzeko zailtasunak baditugu. 'Terrorismoa'  hitzaren erabilerak beti eztabaida sortu izan du, bakoitzaren pentsamoldearen arabera iruditu zaigulako jokaera batzuk terrorea sortzeko apropos egindakoak zirela, beste batzuk, aldiz, terrore horri erantzutekoak. Baina, ez dago zalantzarik Estatu Islamikoak  Europan egin dituen atentatuek helburu garbia dutela;  beldurra eta  izua zabaldu,  euren nahigabeetan omen dugun erantzukizunagatik, beraien oinazeez jabetu gaitezen eta, azken finean, jarrera eta jokaera alda ditzagun.

Azken urte hauetan bizi dugun gatazkaren nondik norakoak aztertzen hasteak luze joko liguke, baina, arriskuari eta beldurrari emandako erantzuna neurtzea errazagoa izan liteke. Belgikan egin duten inkestaren arabera, Bruselako atentatuen ondoren bertako biztanleen  % 58 haserre bizian da, amorrua dute eta erantzunen bat eman nahi diote erasoari. %18, berriz, oso beldurtuta dago.

Horrelakoak gertatzen direnean herritarren lehen erantzuna izan ohi da agintariei eta poliziari kontuak eskatzea, non egon diren galdetzea, izugarrikeria ez galarazi izana leporatzea. Barrutik sortzen zaiguna da berehalako erantzunen bat ematea, min egin digutenei edo gure egunerokotasuna arriskuan jarri nahi dutenei egin duten kaltearen neurriko kolpea itzultzea. Benetan arriskua gainean sentitzen badugu segurtasun neurriak eskatzen ditugu, gure bizitza babesteko hartu beharreko neurriak har ditzatela eta indarra erabili behar bada erabili dadila.

Egunak pasa ahala eta hasierako emozioak epeltzen direnean ohartzen gara segurtasun neurri zorrotz horiek lehendabizi guri egin behar digutela kalte eta, agian, muga batzuk jarri behar ditugula. Zuzenean neurri horien ondorioak pairatu behar baditugu, gure erantzuna atentatuei emandakoa bezain sutsua izan liteke.

Egoera hauetan bidea aurkitzea ez da batere erraza. Erabateko segurtasuna ezinezkoa da, are gehiago, segurtasun hori urratu nahi duena bere buruaz beste egiteko prest badago.Segurtasuna eta askatasuna uztartzea ere benetan zaila da, bakoitzak jarrera eta iritzi ezberdina dugulako egin beharrekoari buruz.

Sentimenduak eta emozioak alde batera utzita, hotz-hotzean auzia aztertuz, ondorioa gehienetan bera izan ohi da. Manta motzen gisa, segurtasunak bularra babesten digunean oinak hotz sentitzen ditugu; askatasunak hankak berotzen dizkigunean, berriz, bularra biluzik azaltzen zaigu.