Itxi

Juanjo Sanmiguel

IRUZKINA

Albisteak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Munduan une oro zerbait gertatzen ari da, baina gertakizun guzti horietatik gutxi batzuk albiste bihurtzen dira, baten batek ikusi, entzun edo jakin duena interesgarria dela pentsatu duelako.

Baina, komunikabideetan, eta azken urtetan sare sozialak deitutakoetan, ia beti albiste txarrak edo kezka eragiten dutenak aurkitzen ditugu. Oso gutxitan azaltzen zaizkigu poza edo itxaropena sortzen duten berriak, eta argitaratzen direnetan ez dituzte kokatzen ordu eta orrialde “serioetan”.

Azken urte hauetako albiste nagusiei begi kolpe bat eman ezkero, indarkeria, ustelkeria, gaitza eta hondamendiak azaltzen zaizkigu nonahi. Jendeak ondo kokatuta dauzka Siria, Afganistan, Irak … garai batean Bosnia-Herzegovina, Nikaragua edo El Salvador izan zituen legez.

Leku batzuk, aldiz, ez dira sekula azaltzen komunikabideetan. Norvegia, Finlandia edo Kanada ez dira albiste iturri ezbeharren bat edo zorigaiztoko gertaeraren  bat izan ez bada. Komunikabideei buruzko eztabaidak sarri sortzen dira, baina askotan azaltzen denak dio ia zer zabaldu eta argitaratu beharko luketen komunikabideek, benetan interesgarria dena, gizartea aldatu edo hobetzeko balio lezakeena, edo jendeak nahi duena, jendeak nahi duela uste dugun hori …

Gaur egun, komunikabide gehienek, handienek behinik behin, antzerako albisteak zabaltzen dituzte eta zerrendan beti nagusi dira zorigaitza dakartenak. Kanada herrialde eredugarria da, sorreratik demokrazia sendoa, osasun eta hezkuntza sistema bikaina du, gizarte garatua eta beste herrialdeekiko eta arazoak dituztenekiko beti elkartasuna erakutsi du. Suedia, Finlandia, Zeelanda Berria edo Norvegiari buruz gauza bera esan genezake, baina herrialde hauek, herrialde hauetan gertatzen dena ez dugu ezagutzen, itxuraz, ez zaiolako inori interesatzen.

Orain artekoa egia bada, onartu beharko genuke albisteak txarrak direla ia beti, ikusmina sortzen digutena besteen zorigaitza, heriotza, gaixotasuna eta oinazea direla. Edo behintzat, hori uste dutela komunikabideetan zer argitara atera eta zer ez erabakitzen dutenek. Esan ohi da albisteek epe bat dutela, ondoren ikuslea, entzulea edo irakurlea aspertu egiten dela, interesa galtzen duela. Horregatik ,sarri, eguna joan eta eguna etorri leku guztietan azaldu den albistea bat batean desagertu egiten da, leku horretan gerra, hondamendia edo tragedia bere une larrienean egon arren.

Azken asteotan, errefuxiatuak ez dira apenas azaltzen, Iraken badirudi gerra amaitu dela, Siria ahaztuta geneukan siriarrak ate joka etorri zaizkigun arte …  Ez dakigu guzti hau zergatik gertatzen den, baina badirudi gizakiak bere ongizatea berresteko besteen ondoeza behar duela, besteen sufrikarioaren handitasunak gure zorionaren neurria adierazten digula. Edo ez …