Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Ipar Korea

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Ipar Koreari buruz kontu batzuk badakizkigu, beraiek zabaldu dituztelako eta guk jakin dezagula nahi izan dutelako.

Ezagutzen ez ditugun egoerei edo lekuei buruz iritziak ematea zaila izateaz gain arriskutsua da, usteek eta susmoek ikusi eta egiaztatutakoek baino indar handiagoa izaten dutelako. Ipar Korearen kasuan horixe gertatzen zaigu gehienoi, oso gutxi dakigulako herrialde honetan gertatzen ari denaz.

Bertatik irtendako pertsona apurrek eta nazioarteko erakundeek zabaldutako irudi eta adierazpenak dira dugun bakarra. Eta nazioarteko erakundeek sarri aitortu behar izan dute egindako txostenak suposizio eta hipotesietan oinarrituta daudela, ez dutelako ordezkaririk herrialde honetan. Baina Ipar Koreari buruz kontu batzuk badakizkigu, beraiek zabaldu dituztelako eta guk jakin dezagula nahi izan dutelako.

Beraiek diote herrialde honetan gizartearen antolaketa eta helburuak komunismoan oinarrituta daudela. Errepublikaren izen ofiziala Koreako Herri Errepublika Demokratikoa da.

Ipar Koreako lehen presidentea Kim Il-Sung izan zen, Japoniarren okupazioaren aurka borroka egin zuen gerrillari komunista. Honek egituratu zuen Ipar Korea eta bere aginte garaian bizi izan zituen urte oparoenak errepublika honek.

Bera hil zenean semea izendatu zuten alderdi bakarraren eta estatuaren buru, besterik gabe, bere semea zelako. Kim Jon-Il 2011n hil zen, tren bidaia egiten ari zela, bere ordez, postu berean eta erantzukizun berdina izanik semea izendatu zuten.

Kim Jong-Unek behin baino gehiagotan aipatu ditu bere aita, eta batez ere aitona agintari gorenak izateko naturak erakutsitako adierazpen bereziak. Zeuden lekuan zeuden aukeratuak zirelako, erregeen eta printzeen gisa.

Komunismoa ideologia zabala da eta seguruenera irakurketa bat baino gehiago onartzen ditu. Ideologia honetan oinarritutako gizarte ereduak eta egitura politikoak ezberdinak izan litezke, baina oro har komunismoak dio jabego pribaturik ez dela izango, gizarte bizitza eta ekonomia planifikatu egingo dela eta herriak, herritarrek parte hartuko dutela antolaketa horretan. Eta batez ere esaten du gizarte-klaseak betirako amaituko direla,ezabatu egingo dituztela.

Ipar Korean dirudienez teoriaren azken zati hau ez dute oso kontutan hartu. Ez dakigu gizarte-klaseak desagertu ote diren,baina benetako dinastia sortu dute, munduan izan den lehen dinastia komunista.

Ez dakigu Kim Jong-Unek egiten duen lana zein den, zeintzuk diren bere eginkizunak eta nolakoa den gertuko harremanetan, baina beraiek zabaltzen dizkiguten irudien arabera ez dirudi ingurukoen berdina denik, ez dirudi parekoen zerbitzaria denik gizarte hobe horren bila herria egiten ari den ahaleginetan.

Ipar Koreari buruz dugun ezjakintasun handi horretan, jakin badakigu zeinek agintzen duen,eta gauzak ondo datozen urtetan zeinek aginduko duen.