Itxi

Juanjo Sanmiguel

IRUZKINA

Mundu biribila

JUANJO SAN MIGUEL

JUANJO SAN MIGUEL

Gizakia sortu zenetik ibiltaria da eta esan genezake munduko herri guztiak etorkinak direla, bat bera ere ez zelako azaldu, gaur egun, bizi den lekuan.

Errefuxiatuen eta etorkinen krisiak aurpegi asko izan ditu eta oso ezberdinak izan dira Europan azaldu diren jarrerak gertakari honi buruz. Baina, sarri, auzi honetan eta, oro har, herri eta giza-taldeen arteko gatazketan, pertsonen jatorria aipatzen da, jaioterriak, azalaren koloreak eta hizkuntzak erabakigarriak balira legez, arazo eta eragozpen sortzaile, batez ere. Gaur egun, munduan 7.230 milioi pertsona bizi gara, horietatik 800 milioi errefuxiatuak edo etorkinak dira, ez dira bizi jaio ziren lekuan eta asko eta asko hizkuntza eta azal ezberdineko herrietan bizi dira.

Gizakia sortu zenetik ibiltaria da eta esan genezake munduko herri guztiak etorkinak direla, bat bera ere ez zelako azaldu, gaur egun, bizi den lekuan. Hala ere, gizaki orok toki batez jabetu ondoren gogor babestu du bere esparrua, bertara iritsitako gizakien kontra. Mugimendua bezain zaharra da gizakiaren joera hartutako lurra bereganatu eta hesien bidez babesteko. Zibilizazioa horixe da, mugimendua eten, eremu bat hesitu eta barrukoa garatu. Gero eta zabalagoa izan eremu hori, harremanak konplexuagoak dira eta zibilizazio horrek beste maila bat duela esan ohi dugu, baina hazia bera da.

Kontu batzuk benetan harrigarriak dira. Aurtengo Eurovisioneko lehiaketan Australia izan da bigarrena europarren arteko lehian. Israelek Europako kirol txapelketa guztietan parte hartzen du, Asian egon arren. Espainiak lurrak ditu Afrikan, Estatu Batuek Itsaso Barean, eta Erresuma Batuak eta Frantziak mundu guztian. Turkiak Europar Batasunean sartu nahi du, herrialde ia guztia Asian egon arren ,Errusiak sarri aipatzen du Europa dela bere berezko esparrua. Japonia behin baino gehiagotan  sartu ohi dugu Mendebaldeko herrien artean, aliatu gisa, besterik ez bada.

Azalari dagokionez, mugak edo marrak jartzea ez da batere erraza. Nigeriako beltzena eta Suediako zuriena erraz koka ditzakegu bi multzo ezberdinetan, baina Maliko beltzak non sartzen dira? Libiako beltzaranek noren antza dute? Greziar bat eta Turkiar bat bereziko al genituzke azalaren arabera? Indiar eta Pakistandar asko Eritreako beltzak baino ilunagoak dira eta inork ez du Asiar hori bat sekula ikusi.

Gizaki guztiok, zorionez, ezberdinak gara, ezberdintasun horiei aniztasunaren aberastasuna deitu ohi diegu, kultura eta zibilizazioa azken finean. Bizikidetza lortzeko beste tresna batzuk ditugu, arauak, legeak eta errespetua, hauek parekatzen gaituzte eta hauek ezaba lezakete aniztasunak jarritako hesi eta oztopoak, gizakiok itxuraren gainetik pentsatzeko gai garelako.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Munduko analista