Itxi

Juanjo Sanmiguel

IRUZKINA

Kontakizunak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Gaur egun, munduan armen salerosketak bilioi bat euro mugitzen ditu urtean. Arma ekoizle eta saltzaile nagusiak, Estatu Batuak, Errusia, Txina, Erresuma Batua eta Frantzia dira. Seigarrena Alemania.

Alemaniako kanpo harremanetarako ministroak, Frank-Walter Steinmeier sozialdemokratak, adierazi du Saudi Arabiari 48 gerraontzi eta 23 helikoptero saldu dizkiotela. Ministroak dio Arabiak eskubide osoa duela bere mugak babesteko eta inguratzen duen itsasoa zaintzeko. Ministroak azpimarratu du Alemanian armagintza eta arma salmenta ekonomiaren atal garrantzitsua dela eta milaka familia bizi direla ekoizpen arlo honi esker. Eta inportanteena, arma hauek babesteko direla eta ez eraso egiteko.

Alemaniako talde bakezaleek adierazi dute Arabia, zuzenean edo beste talde batzuen bidez, gutxienez hiru gerratan sartuta dagoela gaur egun. Arabia ez dela demokrazia, munduko herrialde itxi, gogor eta atzeratuenetakoa  baizik, giza harremanei dagokienez. Iaz, Arabian 160 pertsona hil zituztela heriotza zigorra ezarri ondoren eta ehunka daudela heriotzaren zain. Arabiak ez dituela oinarrizko askatasunak errespetatzen eta beti askatasun horiek eta giza eskubideak urratu dituzten talde eta erakundeak babestu eta lagundu dituela.

Nazio Batuetako Segurtasun Batzordea, erakunde honetako zuzendaritza taldea dela esan genezake, 15 kide ditu eta bertan hartzen dituzte erabaki garrantzitsuenak. Batzordeko 10 aulki txandaka betetzen dituzte dagokien herrialdeek, baina 5 herrialde-kide iraunkorrak dira, Bigarren Mundu Gerrako irabazleak, hain zuzen ere. Herrialde hauek beto eskubidea dute, hau da, beraien oniritzirik gabe ezin da erabakirik hartu. Txinak,Errusiak,Estatu Batuek,Frantziak eta Erresuma Batuak dute eskubide hori. Nazio Batuen estatutuen arabera, Segurtasun Kontseilu honen ardura da mundu guztiko herrien bakea eta segurtasuna ziurtatzea, eta hori lortzeko egin beharreko ahalegina egiteko konpromisoa dute.

Gaur egun, munduan armen salerosketak bilioi bat euro mugitzen ditu urtean. Arma ekoizle eta saltzaile nagusiak, Estatu Batuak, Errusia, Txina, Erresuma Batua eta Frantzia dira. Seigarrena Alemania.

Esan ohi da zerbait egiteko tresna ez dela nahiko, borondatea ezinbestekoa dela. Baina, armek helburu bakarra dute, eraso egitea. Edo eraso egitea norberaren burua babesteko, defenditzeko, alegia. Gizakia gizaki denetik eraso egiteko tresnak erabili izan ditu, oso inozo izatea litzateke armarik gabeko mundua aldarrikatzea, baina inozotasunaren gailurrean geundeke,batzuek defentsaz eta erasoaz esaten digutena sinetsiko bagenu.