Itxi

Juanjo Sanmiguel

IRUZKINA

Turismoa

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Esan ohi da bidaiaria bere joan etorriak antolatu eta aukeratzen dituena dela, iristen den lekuen eta bertako jendearen egoeraz eta bizimoduaz ikusmina azaltzen duena.

Bidaiariak bidaldiari berari ematen dio garrantzia, aldaketari, mugitzeari. Turistari, berriz, bidaiatzea, beste edozein produkturen gisa kontsumitzea leporatu izan zaio. Taldean mugitzea, dagoen lekuaz jakin-minik ez azaltzea eta inguruaz errespetu falta. Guztiok, noski, gure burua bidaiaritzat dugu, eta ‘besteak’, jendea da turista.

Jendea beti mugitu izan da. Bidaiariak eta abenturazaleak ez dira inoiz falta izan, baina, turismoa deitzen dugun hau, denbora librean, aisialdian egiten ditugun bidaiak eta joan-etorriak, kontu berria da. Bigarren Mundu Gerra ondoren Europan eta Estatu Batuetan bost eguneko lan astea, ordaindutako oporrak, soldata egokiak eta lan baldintza hobeak lortu genituen. Garraiobideak eskuratzeko aukera izan genuen eta, oro har, ia edozeinek bidaiatzeko aukera izan zuen. Joan zen mendeko 50eko hamarkadan munduan 25 miloi turista zeuden, 25 miloi pertsona mugitu ziren jakin-min edo gozamen hutsagatik. 70eko hamarkadan 190 miloi izan ziren eta, gaur egun, 2.000 miloi izan gaitezke.

Turismoari buruz eta turismoaren eraginari buruz normalean aldeko iritzia izan dugu. Giza jarduera handiena da, lanpostu asko sortzen du, aberastasuna banatzeko balio izan du, inbertsio publikoak indartu eta ugaritzen ditu, besterik ez bada turistak erakartzeko. Kulturen nahasketa eta komunikazioa ere sortzen du, beste pertsona, ohitura  eta pentsamolde batzuk ezagutzeko balio du. Leku atzeratu eta itxietan jendearen mentalitatea aldatu izan du, kanpotik zetozenen ideiek eta harremanek eraginda … Baina, giza jarduera orok bere mugak ditu eta itxuraz hemen ere marra batzuk urratu eta egokia zena desegoki bihur dakiguke. Leku batzuetan eguneroko turistak bertako biztanleak baino ugariagoak dira. Zenbait hiritan turismoari eman beharreko erantzunak bertakoen beharrek baino garrantzi handiagoa du eta kanpotarrek lehentasuna dute hiriaren antolaketa eta etorkizuna finkatzerako orduan.

Zalantzak, beldurrak eta kexak hasi dira, agian, dirua baino garrantzitsuagoak diren beste kontu batzuk izan litezkeelako. Agian, gure bizilekuak parke tematikoak bihurtzeko zorian gaudelako. Agian, turista horien joan-etorriek mugaren bat izan beharko luketelako. Agian, gogait eginda gaudelako. Edo, agian, entenditzen hasi garelako zer sentitzen zuten, garai batean bisitan joaten ginen  herri eta hiri haietako biztanleek pentsatu eta adierazten ez zuten hura.