Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Politikariak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Batzuetan gizartea arinegia, eskuzabalegia edo arduragabeegia da politikarien jokaerarekiko. Iritsi den lekura botoen bidez iritsi izanak zilegitasuna ematen dio.

Politikaria, sistema demokratikoetan behinik behin, herritarrek aukeratzen duten pertsona da euren interesak babestu eta defendatu ditzan.Guztion ongizatearen alde lan egin dezan. Gehiengoaren onura kontutan hartuta lankidetza bultzatu eta akordioak lor ditzan.

Politikarien artean, beste gizatalde gehienetan ohi denez mota guztietako pertsonak aurki ditzakegu, baina guztion ordezkari izanik galbahe zorrotzagoa jartzen diegu, eta batzuetan gogorregi epaitzen ditugu, azken finean sortzen diren taldearen eredu eta isla besterik ez baitira.

Baina beste batzuetan gizartea arinegia, eskuzabalegia edo arduragabeegia da politikarien jokaerarekiko. Iritsi den lekura botoen bidez iritsi izanak zilegitasuna ematen dio, baina era berean ardura handiagoa, ondorioz politikariak ez du bakarrik legearen aurrean erantzun behar, baita aukeratu duen gizartearen aurrean ere. Eta hori ez da inoiz gertatzen.

Adibide harrigarriena George Bush AEBko presidente ohia dugu. Bushek lege eta arau guztiak urratu zituen, ez zion jaramonik egin Munduko herrialde ia guztiak elkartzen dituen Nazio Batuen erakundeari, gezurra zela jakin arren egia ez zena erabili zuen, eta azken hamarkadetako gerra beldurgarrienari hasiera eman zion.

Iraken gertatutakoa hitzetan jartzea ezinezkoa da. 13 urte pasa ondoren gerra ez da amaitu, txikizioa eta sufrimendua eguneroko kontua bihurtu dira… baina Bush lasai-lasai bizi da Texasen, inork ez dio erantzukizunik eskatu, ez zaio deliturik leporatu benetako tragediaren eragile nagusia izan arren.

Erresuma Batuan Europar Batasunetik irtetea erabaki dute. David Cameron lehen ministroak erreferenduma agindu zuen hauteskundeak irabazteko, talde eskuindarrei botoak kentzeko, bere postua eta etorkizuna ziurtatzeko.

Baina erreferendumak prozesu luze baten amaiera behar du izan, eta ez nora daraman ez dakigun bidearen hasiera. Jendeari bai ala ez galdetu aurretik, garbi utzi beharra dago zer esan nahi duen baiezkoak eta zer ezezkoak. Bi aukerak lantzea derrigorrezkoa da, are gehiago erabakiak ondorio eta eragin hain zabala baldin badu. Baina Cameronek ez zuen inorekin hitz egin, ziurtzat jo zuen irabaziko zuela eta axolagabekeria harrigarriaz jokatu zuen bere erabakiak ekar zezakeena kontutan hartu gabe.

Gertatutakoak hankaz gora jarri du Erresuma Batua bera, Europar Batasuna astindu du eta Munduan ziurgabetasuna zabaldu, baina Cameron ez da larritu. Lehen ministro izateari utzi egingo diola adierazi du bakarrik.

Ziur aski hemendik aurrera pentsio sari bikaina izango du, hitzaldiak emateagatik ondo ordainduko diote eta lehendik duen diruak bizimodu bikaina izateko aukera emango dio, berak egindakoak beste jende askoren bizitza nabarmen hondatu arren.

John Carlin kazetari bikainak adierazi du Cameronek duintasun arrastoren bat balu harakiria egingo zuela.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Munduko analista