Itxi

Juanjo Sanmiguel

ANALISIA

Tresnak eta erabilera

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Gero eta abiada handiagoan doan teknologiaren berrikuntzak bi tresna izugarri eman dizkigu azken urtetan; Internet eta sakelako telefonoa.

Frantziako Asanblada Nazionaleko parlamentari batek Internet bidez droga erosita, Europar Batasunean jokaera bateratua eskatu du, teknologiak ematen dizkigun tresna berri eta indartsuen bidez orain arte oso zaila, ezinezkoa zirudiena erraz eskura dezakegulako. Internet kontrolatzea, bitcoin izeneko txanpon birtuala debekatzea eta mugak gainditzen dituzten delituak gogorrago zigortzea eskatu dizkio Europar Batasunari. Parlamentari frantsesaren ekimen honek, aldiro aldiro sortzen den eztabaia zaharra jarri du mahai gainean.

Gero eta abiada handiagoan doan teknologiaren berrikuntzak bi tresna izugarri eman dizkigu azken urtetan; Internet eta sakelako telefonoa. Orrialde bat baino gehiago beharko genuke zientziaren aurrerapen hauen onurak eta abantailak adierazi eta goraipatzeko. Baina, arazoak ere sortu dituzte, eta batzuk oso larriak .Sakelako telefonoak ematen dizkigun aukera guztien ondorioz, nahitaezko tresna bihurtu zaigu, baina jende askoren menpekotasuna, benetako gaixotasuna, gero eta buruhauste handiagoa da. Internet aldiz, paradisuko arbolaren gisa debekatutako guztiaren iturri bihurtu da. Bertan edozer gauza eros liteke, droga eragozpenik gabe eskura genezake, pornografia haur eta helduen esku dago 24 orduz, pertsonen aurkako jazarpena ere egin daiteke bertatik …

Horrelakoetan nola jokatu finkatzea ez da batere erraza. Sarri entzun dugu telebista txarra dela, jendea tontotu egiten duelako eta denbora alferrik galdu besterik ez dugulako egiten bere aurrean. Jateko ona denaz eta hil arte saihestu beharko genuenaz liburuak eta liburuak idatzi dira. Kirola neurri gabe egiteaz, seme-alabekiko izan beharreko jokaeraz, sistema politikoez eta, oro har, gizakion bizitzan eta eguneroko joan etorrietan eragina duten guztiaz iritziak eta aholkuak eten gabe entzuten ditugu, eta azkenean, badirudi ezinezkoa zaigula aukeratzea. Sakelako telefonoa tresna aparta dela ukaezina da. Internetek ate asko ireki eta aukera harrigarriak eman dizkigula ezin da ezeztatu.Telebistaren aurrean ordu bikainak pasa dituela eta une txarrak gainditzeko balio izan diola edozeinek esango dizu. Dieta orekatua egitea onena dela garbi dago,eta garbi dago gehienontzat zer den dieta orekatua. Kirola neurriz egiteak onurak besterik ez dizkigula ekarriko guztiok dakigu …

Tresna horixe da guk erabili beharreko erreminta. Eta ez daude tresna onak edo txarrak, bakoitzak bere eginkizuna du eta gure erabilerak bihurtuko ditu egokiak edo kaltegarriak, baita deabruak egindakoak diruditenak ere.