Itxi

Juanjo Sanmiguel

IRUZKINA

Zaintzaileak

Europak zailtasun handiak ditu azken urteotan sortu zaizkion arazo larriei erantzuna eman behar dion polizia eredua finkatzeko.

Estatu Batuetan bost polizia hil ondoren, kalean egindako galderari erantzunez gazte beltz batek esan zuen: "Ez zait polizia gustatzen, baina poliziak errespetatzen ditut". Frantzian milaka eta milaka polizia kalera irten ziren euren lanarekiko errespetua aldarrikatzeko, kalean beraien aurkako gorrotoa gero eta nabarmenagoa dela uste dutelako. Mundu guztian, baina, batez ere, mendebaldeko herrialdetan gero eta gehiago dira polizien ordezkarien adierazpenak tratu hobea eta begirunea eskatzeko.

Baina zein da poliziaren lana? Zertarako ditugu poliziak? Herrialde bakoitzak polizia eredu ezberdina du, Europan herrialde beste eredu aurki genezake. Erresuma Batuan, Irlandan, Islandian, Norvegian eta Zeelanda Berrian kalean dabiltzan poliziek ez daramate armarik. Beste herrialde guztietan poliziek armak daramatzate eta leku askotan arma horiek nabarmen erakusten dituzte, okerren bat egin nahi dutenei asmoak kentzeko.

Poliziaren jarrera jendearekiko ezberdina izaten da leku batzuetan eta bestetan:  batzuek agindua dute ahal duten neurrian adiskidetsu eta atsegin azaltzeko, eta beste batzuk, aldiz, errespetua eta behar izan ezkero beldurra eragiteko agindua dute.

Gizakia gizaki denetik izan dira poliziak, zaintzaileak edo istiluak eta erasoak galarazteko taldeak. Poliziaren eginkizunak ordena publikoa babestea eta legeak eta arauak betearaztea dira. Hori egiteko, normalean, ez dago eragozpenik, eguneroko jardueran jendeak badakielako zer egin daiteken eta zer ez, eta badaki legea urratu ezkero zigorra duela.

Baina arazoak eta poliziari buruzko eztabaida sortzen da egoera berezietan. Nola sakabanatu behar dute baimenik ez duen manifestazioa? Nola atera behar dituzte han egon ezin ez duten pertsonak leku horretatik? Nola erantzun behar diete eraso eta probokazioei? Bakoitzak gure buruari erantzungo bagenio, horrelako egoeratan polizia bagina zer egingo genukeen erantzunetik gertu egongo ginateke. seguruenera, baina kaleko jarduera beste bat izaten da.

Lege baimenik ez duten manifestazio guztiekiko jarrera bera izan behar al dute ala indarraren erabilerak neurriak al ditu? Etxe batean era ilegalean dagoen baten bat ateratzeko modu bakarra al dago? Delitu nazkagarriena egin duen pertsona begirune osoz tratatu beharra dago egoera guztietan?  Non dago beldurra eta errespetuaren arteko muga? Disuasioa non hasi eta amaitzen da? Nondik aurrera erabili daiteke indarra? …

Galdera guzti horiei erantzun ondoren gobernu batzuk uste dute poliziak errespetua eragin behar duela, baina beldurrak ere balio lezakeela delitu batzuk galarazi eta jokaera batzuei erantzuteko. Beste batzuek diote poliziek zuhur jokatu behar dutela egoera guztietan, beti ere, hobe delako errudun batek ihes egitea errugabe bat zigortzea baino. Gaur egun, Europak zailtasun handiak ditu azken urteotan sortu zaizkion arazo larriei erantzuna eman behar dion polizia eredua finkatzeko.