Itxi

Juanjo Sanmiguel

IRUZKINA

Itxura

Jaunjo San Miguel

Jaunjo San Miguel

Trumpek badaki esaten duen gehiena ez dela egia, badaki kanpainan zehar agindutako ia guztia ezingo duela bete, baina, itxuraz, gaur egun horrek ez du axola.

Esan ohi da Estatu Batuetako hauteskundeetan mundu guztiko biztanleok izan beharko genukeela botoa emateko eskubidea, azken finean, han aukeratutako pertsonek hartzen dituen erabakiek guztiongan eragina dutelako. Botoa emateko eskubiderik ez dugu,baina. zalantzarik gabe, Estatu Batuetako hauteskunde kanpaina, kanpaina aurrekoa eta hauteskunde horiei lotutako guztia gure inguruko edozein aukeraketa edo hautatze lehia baino gehiago entzun eta ikusi behar dugu ia, nahi eta nahi ez.

Azken urte honetan gehienok apenas ezagutzen genuen pertsona edo pertsonaia bihurtu da protagonista nagusia, Donald Trump errepublikanoen hautagaia. Orain dela urte bete barre egiten zioten alderdian bertan, inork ez zuen uste barne hauteskundeen lehen galbahea ere gaindituko zuenik. Esaten zituenak benetako astakeriatzat hartzen genituen eta gehienok uste genuen Estatu Batuetan aldiro aldiro azaldu eta iraupen motza izaten duten horietako bufoi bat besterik ez zela izango. Baina, orain,eta itxuraz mundu guztiaren harridurarako, Trump errepublikanoen hautagaia da, alderdi honek orain dela urte bete ergelkeriak omen ziren ia guztiak bere egin ditu eta pertsonai honek hauteskundeak irabazteko benetako aukerak dituela dirudi.

Aurpegia eta itxura arimaren isla omen dira; Trumpen kasuan hala balitz sortzen den lehen galdera da ia zer ezkutatu nahi duen tupe harrigarri horren azpian. Zer adierazi nahi duen oihu eta zalaparten bidez zabaltzen dituen mezu horien bitartez. Egia ote den esaten dituen horiek sinesten dituela … Mundua aldatzen ari da, seguruenera, guk uste baino azkarrago.

Aldaketak beti izan dira,baina azken urtetako abiadaren ondorioz, badirudi,

40 urteko pertsonak, lehen aitona-amona zaharrenek zeuzkaten oroimenak dituela, iraganaz hitz egiterakoan urruti eta ezberdina zen hura urtetan oso gertu dagoela.

Estatu Batuetan belaunaldi bakar batek egiaztatu ahal izan ditu aldaketa horiek, eta gehienetan, txarrerako. Erdi mailako klasea da gogorren pairatu duena aldaketa hori. Azken urtetan 60.000 enpresa itxi dituzte Estatu Batuetan eta industria alorrean ondo ordaindutako 5 miloi lanpostu galdu dira. Gaur egun, ia mundu guztiak du lana, baina soldatak orain dela urte batzuk baino txikiagoak dira. 'Amets amerikarra' amesgaizto bihurtu da jende askorentzat, eta, halako batean, Trump azaldu da, politikoa ez den hautagaia, betiko politikoei egoera horren erantzukizuna leporatzen diena eta mundu berri bat agintzen diguna.

Trumpek badaki esaten duen gehiena ez dela egia, badaki kanpainan zehar agindutako ia guztia ezingo duela bete, baina, itxuraz, gaur egun horrek ez du axola; gezurra zilegi da,helburua da garrantzitsuena eta horretarako edozein bitartekok balio du.

Orain dela zortzi urte Estatu Batuetako lehen presidente beltzak itxaropena eta ilusioa zabaldu zituen, han bertan eta munduko beste leku askotan. Bazirudien Bushen garai beltzen ondoren sasoi berria, aro oparoa zetorkigula arlo guztietan. Obama badoa eta orduko amets haiek hor geratu dira, berriro egiaztatu ahal izango dugu pertsona bakar batek ezin duela mundua hobetu, ezin duela historiaren norabidea aldatu. Urte hauetan txarrerako izan dena,Trumpen kasuan onerako izan litekeela pentsa genezake,eta agintera iritsiko balitz ere,ezingo dituela bete agindutako ergelkeria harrigarri guztiak.