Itxi

Juanjo Sanmiguel

IRUZKINA

Eroak eta heroiak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Erotasuna zentzua edo burua galtzea omen da. Arautik urrutiratzeari ere deitzen zaio, baita gizarte lege eta ohiturak ez onartzeari ere.

Zoro hitza entzuten dugunean irudi asko etortzen zaigu burura, batzuk erabat penagarriak, bere buruaren kontrola galdu duten pertsonena. Beste batzuek, aldiz, aldeko kutsu handiagoa dute, erokeriak eguneroko baldintza eta muga estuetatik ihes egiteko aukera ere eman lezakeelako.

Azken hilabetetan Europako zenbait lekutan izandako erasoen ondoren komunikabideetan arrazoien bila hasita, zoroen lana eta atentatua bereizten ahalegindu gara. Gazte batek labana edo pistola hartuta kalera irten eta jendeari tiro egin dionean, poliziak, adituek eta komunikabideok zalantza bera izan dugu, hau ero baten lana izan da ala erakunde batek antolatutako erasoa? Eta galderari emandako erantzunak kutsu ezberdina eman ohi dio gertatutakoari. Badirudi larriagoa dela atentatua erakunde batek antolatu badu, eta, berriz, pertsona bakar batek ez dakigu zeinen deiari jarraituta egin badu lasaitu egiten garela, azken finean, ero gaixo batek bere itsutasunean eldarnio beltza gailurrera eraman duelako.

Gero eta sarriago Europan gertatzen diren atentatu bakoitzaren ondoren bi izaten dira komunikabideek eta adituek emandako azalpenetan bi joera nagusitzen dira. Batzuk, euren bakardadean, bizitza antzu eta tristeari zentzuren bat eman nahian eroek antolatu eta burutakoak dira. Pertsona hauekiko errukia eta mespretxua sentitzen dugu gehienetan, eta badirudi ekintza bere gain  hartzen duen erakundean ere ekintzaile hauek bigarren mailakotzat dituztela. Atentatua denboraz prestatu badute, ondo antolatuta badago eta erasotzaileek gerra armak erabiltzen badituzte, berriz, beldurra eta batzuetan miresmena ere eragiten digu, ausartak eta azkarrak izan direlako eta ez duelako eragozpenik izan euren burua arriskuan jarri eta behar izan ezkero ekintzan bertan hiltzeko. Hauek heroiak dira eta ez bakarrik erasoa bere gain hartu duen erakundeko kide eta jarraitzaileentzat.

Erotasuna esaldi bakar batean definitu beharko bagenu, gehienok onartuko genuke, seguruenera, batez ere, burua galtzea dela, gehienok onartu eta egiaztatutzat jotzen ditugun arau eta egi aldakorrak ez onartzea. Hori egin liteke buru arazoak ditugulako, parean duguna bereizteko gai ez garelako. Edo izan liteke adimenak adierazten digulako gurea dela egia eta nahastuta daudenak besteak direla. Esan ohi da heroia izateko erotasun zati bat ezinbestekoa dela, biak nahasten direnean egun hauetan gure hirietako kaleetan edozein momentutan gerta litekeena sortzen da.