Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Ideologia

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Krisi garaietan zailtasunak eta eragozpenak ugaritzen dira, batez ere, giza talde ahulenetan. Horrek ondoeza sortzen du eta ondoezak haserrea eragin.

Gaizki gaudenean, arazoak ditugunean errudunak behar ditugu, gure amorrua astintzeko bideak eta, batez ere, egoera horren erantzule bihurtuko diren pertsonak. Hor sortzen omen da populismoa, hor suspertzen dira gizakion joera zitalenak. Mendebaldean, eta, batez ere, Europan hori gertatzen ari da.

Krisi ekonomikoak jende askoren bizimodua aldatu eta okertu ondoren, jende horrek erantzunak eskatzen ditu, lehengo egoerara itzuli nahi du eta horretarako inguruan antzeman dituen aldaketei erreparatzen die, batez ere, lehen hemen ez zeudenenei eta orain  hortxe azaltzen direnei. Europan eta Estatu Batuetan eskuin muturreko alderdiak, alderdi arrazistak, alderdi populistak ugaritzen ari omen dira, gehiengoaren egonezin eta haserrearen ondorioz. Alderdi horiek denboran atzera egitea eskatzen digute, gogoko ez ditugun gertakizunak eta erabakiak ezabatzea, ilundu zaigun mundu honetatik irten eta garai argitsuetara itzultzea. Alderdi horiek zeintzuk diren badakigu, ez dute eragozpenik pentsatzen dutena adierazteko, batzuetan harro botatzen dizkigute mezu harrigarrienak. Baina, azken urte eta hilabete hauetan, lehen muturreko zoro batzuek adierazten zituztenak, politiko zentzuduntzat genituenen ahotan entzuten ditugu. Adierazpen eta aldarrikapen  burugabeenak ohiko bihurtzen ari dira, normaltzat hartzen ditugu.

Europako herrialde askotan, betiko alderdiek mugimendu berri hauei aurre egiteko ez diete ohiko balore eta eskubideei eutsi, galtzen ari diren botoak berreskuratzeko beraien mezua bereganatu dute. Etorkinekiko jarrera gogortzen ari da, mugak ixteko aldarrikapena gero eta ozenagoa da, ”gurea” kentzen digutela dioten ahotsek indartsuenak dirudite …

Politikoak herritarren ordezkariak dira sistema demokratikoetan, aukeratu dituztenen izenean hitz egin eta erabakiak hartzeko ardura dute. Errealitatea zein den jakin behar dute eta egoerari aurre egiteko  tresnak eta baliabideak eskaini.

Batzuetan aukeratu dituztenen jarrera eta iritziak bideratu behar dituzte, baina  beste batzuetan jendeak entzun nahi ez duena esan eta txaloak eta goraipamenak jasoko ez dituzten erabakiak hartu behar dituzte. Politikoak borondateak bideratu behar ditu, baina, beti ere,  ardatza zein den ahaztu gabe. Pentsatzen genuen politikoak aurretik zihoazela, taldearen aitzindari, baina giro orokorraz kutsatuta edo, manifestazioaren atzealdera joan zaizkigu.