Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Legeak eta urraketak

Juanjo Sanmiguel

Juanjo Sanmiguel

Gobernu britaniarrak 50-60ko hamarkadan homosexualak izateagatik zigortutako guztiei indultua ematea erabaki du.

Legea, guztiok berdintzen gaituen araua da. Legea ezinbestekoa da bizikidetza posible izan dadin. Legea, hala ere, ez da arau osatu eta eztabaidaezina, bestela ez genituzkeelako epaileak, fiskalak eta abokatuak behar. Baina legeak aldatu egiten dira, sarri azkarregi, ondorioz, orain dela urte gutxi zigor gogorra merezi zuen delitua, gaur egun jarrera txalogarria izan liteke. Legea pentsamolde, ohitura eta garai bakoitzeko moralaren arabera aldatzen dugu, ondorioz, luze samar bizi izan direnek legearen aldaketa harrigarriak ezagutu dituzte. Gaur egungo gazte europar bati esanez gero, orain dela 40 urte Erresuma Batuan pertsona bat kartzelara joan zitekeela homosexuala izate hutsagatik, harritu egingo da. Baina The Beatles taldeak gailurra jo zuen garaian, homosexualak zigortu egiten zituzten hauek askatasunari kantatzen zioten lur berean.

Alan Turing matematiko ezaguna izan zen, gaur egungo informatikaren aitzindarietako bat, Bigarren Mundu Gerran nazien ezkutuko kodeak deszifratu zituen, besteak beste Enigma izeneko makinaren mezuak. Adituek diote berari esker Bigarren Mundu Gerrak bi-hiru urte gutxiago iraun zuela, hau da, Munduari, Europari eta batez ere bere herriari, Erresuma Batuari sufrimendu eta oinaze handiagoa jasan behar izatea ekidin ziela. Hala ere, gerra ondoren homosexual izatea leporatu zioten, zikiratu egin zuten, zikiratze kimikoa, eta azkenean bere buruaz beste egin zuen. Bere kasuak piztu zuen mugimenduaren ondorioz, gobernuak garai haietako legeen bidez zigortutako guztiei indultua ematea erabaki zuen, eta aste honetan milaka eta milaka gizon zigortu zituzten epaiak indar gabe utziko dituztela (itxuraz emakumeak ez zituzten ezta kontutan hartzen ere).

Agintari britainiarrek adierazi dute erabaki honek garrantzi handia duela, gaur egun pertsona horiek errugabeak izango zirelako. Baina pertsona horiek hortxe daude, beraiek ez dira aldatu, euren joera, portaera eta bizitzeko askatasun nahia, zigorren garaiko bera da. Legea ezinbestekoa da elkarbizitza posible izan dadin, ondorioz, pentsaera, moral eta ideologia ezberdin asko uztartu beharra dago, eta aldaketak zailak eta neketsuak izaten dira, batez ere gai labain eta korapilatsuetan. Baina legeak egin eta betearazi behar dituztenek, egoera eta garaien arabera "gaizkile" bihurtzen dituzten horien lekuan jarri beharko lukete. 1974n homosexual izateagatik zigortu zuten George Montague idazleak adierazi du berak ez duela barkamen adierazpenik nahi, gaizki egindakoaren aitortza baizik. "Barkamena onartzen duenak ontzat ematen baitu inoiz erruduna izan zela ,eta ni leku okerrean suertatu nintzen une desegokian, besterik ez", esan du.