Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Heriotza

Juanjo Sanmiguel

Juanjo Sanmiguel

Herbehereetan eutanasiari buruzko hausnarketa aspaldikoa dute, baina orain harago joan dira, eta bizitzeaz nekatuta iraun besterik egiten ez dutenei aukera eman nahi zaie.

Jaio ondoren bizitza honetan seguru dugun bakarra heriotza da, gehienok, hala ere, sekula hil beharko ez bagenu legez bizi gara. Adin batzuetan herioa eta gaitza beti besteei gertatzen zaien zerbait da, horregatik agian ezinbesteko egoera honi buruz behar baino gutxiago hitz egin eta pentsatzen dugu. Eta agian horregatik horrenbeste kostatzen zaigu erabaki argi eta zehatzak hartzea heriotzaren aurrean egin beharrekoaz.

Herbehereetan eutanasiari buruzko eztabaida eta hausnarketa aspaldikoa dute, bertan onartu zuten lege aurrerakoiena eutanasiaz eta lagundutako heriotzaz, eta orain gobernuak lege hori zabaltzeko aukera eraman du parlamentura. Gaur egun eutanasia eta lagundutako heriotza legalak dira gaitz sendaezina eta oinaze pairagaitza dituenean pertsona batek, baina orain harago joan dira, eta gaitza izan gabe bizitzeaz nekatuta edo bizitza honetan ilusio eta itxaropenik gabe iraun besterik egiten ez dutenei aukera eman nahi zaie. Lege aldaketa ez dute datorren urtera arte aztertuko, Herbehereetan hauteskundeak egin arte, baina gai korapilatsu honi buruzko eztabaidan beste pauso bat eman dute.

Eutanasia, heriotza onari buruzko eztabaida gizakia hilkorra dela ohartu zenetik dugun kezka da. Garai bakoitzean orduko moral eta pentsaeraren arabera eman zaio erantzuna auzi honi. Greziarrek uste zuten merezi ez duen bizitza ez genukeela luzatu behar; kristauek diote, aldiz, ez garela gure bizitzaren jabe eta erabat onartezina dela eutanasia. Gaia benetan zaila eta korapilatsua da, horretxegatik gaur egun gutxi dira auzi honi buruzko lege zehatz eta garbiak dituzten herrialdeak. Legeak kasu guztiak hartu behar ditu kontuan, eta horregatik da hain nekeza pentsaera ezberdinen artean ados jartzea. Gizakiak gaitz asko menderatu du, eta bizitza orain dela mende bat pentsaezinak ziren mugetaraino luzatu du, eta horrek bi aurpegi ditu. Eta alde okerrenak esaten digu gero eta gehiago direla euren bizitzaren amaierara gaitz larriak dituztela iristen diren pertsonak. Gero eta gehiago direla laguntza behar dutenak sufrimendu jasanezina eramangarria izan dadin eta kontrolaezina bihurtzen den burua baretzeko.

Inork ez du besteen bizitzaz eta heriotzaz erabakitzeko eskubiderik.Inor ezin dugu behartu nahi ez duena edo bere sinismenak debekatzen diona egitera.Baina inori ezin zaio ukatu azken borondatearen aukera,biziezina bihurtu zaion iraute horri amaiera emateko eskubidea.Eta hor herbeheretarrak oso aurretik dihoazkigu.