Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Berdintasuna eta parekotasuna

Juanjo Sanmiguel

Juanjo Sanmiguel

AEBko, Frantziako eta Espainiako hauteskunde sistemetan botoek ez dute balio bera.

Esan ohi da benetako demokrazian pertsona orok eskubide berdinak izan behar dituela, eta guztien iritziek eta batez ere, botoek balio bera izan behar dutela. Demokratikoak deitzen ditugun herrialdeetan hauteskunde sistema ezberdinak dituzte, baina guztietan ezaugarri nagusia da boto guztiek ez dutela berdin balio. Estatu Batuetan egindako azken hauteskundeetan Donald Trumpek irabazi du, bera izango da presidente urtarriletik aurrera, baina Hillary Clintonek bi miloi boto gehiago lortu du. Estatu Batuetan, herrialdearen sorreratik estatuen izaera eta ezaugarriak babesteko ahalegina egin dute, horregatik guztien artean barruti bakarra egin beharrean, estatu bakoitzak bere ordezkariak aukeratzen ditu, eta ondoren hauek izendatzen dute presidentea. Horren ondorioz, leku batzuetako botoek oso gutxi balio dute, eta beste batzuk erabakigarriak dira.

Herrialde bakoitzean hauteskunde sistema onartu zutenean helburu garbi batzuk zeuzkaten. Batzuetan egonkortasuna, beste batzuetan lurraldeen ordezkaritza ziurtatzea. Batzuetan parlamentu anitza izan da helburua, alderdi asko izan daitezela eztabaida eta akordioa indartzeko; beste batzuetan alderdi gutxi eta sendoak, aldaketak gorabeherak eta desorekak eragin ez ditzan. Frantzian hauteskunde-barruti bakoitzean ordezkari bat aukeratzen dute. Lehen itzulian hautagai batek botoen % 50 lortzen ez badu, bigarren itzulian lehendabiziko bien arteko lehia izango da. Horrek esan nahi du 15 miloi boto lortu ondoren, alderdi bat ordezkaririk gabe gera litekeela. Eta hori behin baino gehiagotan gertatu zaio Fronte Nazionalari. Alemanian eta Espainiaren sistema proportzionalak dituzte, bietan helburua da zatiketa ez dadila handiegia izan, gobernu sendo eta eraginkorrak osatu ahal izateko.

Euskal Herrian adibide garbia dugu. Autonomi Erkidegoan ordezkari kopuru bera dute hiru lurralde historikoek, baina biztanle kopurua oso ezberdina da, ondorioz, arabar baten botoak, bi gipuzkoar eta lau bizkaitarren balioa du. Sistema hau onartu zuten lurralde bakoitza zelako eskumenen jabe eta hori elkartzearen handitasunean galdu ez zedin. Madrilgo parlamenturako hauteskundeetan Sorian ordezkari bat lortzeko 15-20 mila boto behar dituzte alderdiek, Madrilen 100-110.000.

Ez dago sistema perfekturik, guztiek dituzte akatsak eta hutsuneak. Seguruenera hobea maiz onaren etsai delako, ez dago demokrazia garden eta garbirik, ezberdinak garelako, batzuek beste batzuek baino indar. Itzal eta eragin handiagoa dutelako. Gizakiak besterik ez garelako, zorionez.