Itxi

Juanjo Sanmiguel

analisia

Oinarriak eta zutabeak

juanjo san miguel

juanjo san miguel

Turkian azken hilabetetan bizi duten krisiak,agerian utzi digu zeintzuk diren estatuaren zutabeak eta non duen oinarria botereak

Estatua eta egitura,edo estatuaren egiturak sarri erabiltzen ditugun hitzak dira,baina askotan zaila egiten zaigu duten edukia antzematea.Turkian azken hilabetetan bizi duten krisiak,agerian utzi digu zeintzuk diren estatuaren zutabeak eta non duen oinarria botereak.Uztailean soldaduak eta tankeak Turkiako kaleetara irten ziren,beste garai batzuetako irudiak ziruditen,baina fusilen eta tankeen hotsen ondoren 290 gorpu azaldu ziren bidegurutze eta borroka lekuetan.Dirudienez Tayip Erdogan presidentea bera gorpu bihurtzeko arrisku larrian izan zen,baina egun horietan benetan zer gertatu zen ez da erabat argitu.Jakin badakigu ondoren gertatu dena.

Presidente turkiarrak benetako purga egin du,berak dio estatu-kolpean parte hartu zutenak atxilotu dituztela edo euren lanpostuetatik bota;bere arerioek diote aldiz orain burutzen ari den planaren egitazmoa aspaldi prest zeukala Erdoganek,eta kolpea aitzakitzat hartuta Turkiako estatuaren egiturak goitik behera aldatu nahi dituela.Ez dakigu salaketa zuzena ote den,baina Ankaratik iritsitako datuak,atxiloketa eta zigor neurriei buruzkoak aztertzen baditugu,horrela dirudi.

Mustafa Kemal Ataturkek Lehen Mundu Gerraren ondoren sortu zuen Turkiak ildo eta helburu garbiak zeuzkan eta oinarri zehatzak.Helburua zen Turkia laiko eta berria eraikitzea,erlijioa eta iragana alde batera utzita gaur egungo arazo eta erronkei erantzungo ziena.Hortarako ispilua eta eredua Mendebaldea zen.Turkia berri horren zutabeak aldiz armada,legea,eskola eta funtzionarioak dira.Legeak erlijioa gainditu eta herritarrak berdintzeko.Eskola eta hezkuntza gizaki berria sortzeko.Funtzionarioak egitura anitz horiei eutsi eta estatua funtzionarazteko.Eta armada zaindari gorena izan dadin,eta zerbait zuzendu beharra dagoenean helburuetara itzultzeko pausoak eman ditzan.

Erdoganek oso kontutan izan du guzti hori,besteak beste ondo ezagutzen duelako estatua,eta Uztailetik aurrera egin duena aurrez prestatutako plana ez bada,ondo eta luze antolatutako egitazmoaren antza duela esan genezake.1.600 katedradun eta dekano atxilotu edo dimisioa ematera behartu ditu.68 mila irakasle.2.500 epaile eta fiskal.45 mila militar buru,soldadu eta polizia.65 mila funtzionario…Bere kontra eta ideia laikoen aldeko irakasleak eta katedradunak.Konstituzioak finkatutako legeak babestu behar dituzten fiskalak eta epaileak.Estatuaren egiturei eutsi behar dizkieten funtzionarioak.Eta guztiaren zaindari gorena den armada buruak.

Ez dakigu demokraziaren mugak non hasi eta amaitzen diren,zer dagoen aurretik bizitza ala gizartearen helburuak.Ez dakigu indarraren bidez eutsi ote dakion demokraziari,ala zilegitasunak edozein muga urratzeko aukera ematen ote digun.Turkian horixe da askatu beharreko korapiloa.