Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Belaunaldiak

Juanjo Sanmiguel

Juanjo Sanmiguel

PISA txostenaren emaitzek eztabaida handia sortu dute, emaitzak uste baino okerragoak izan direlako. Gazteriaren inguruko gogoeta egin du Juanjo Sanmiguelek.

Argitaratu berriak diren PISA txostenaren emaitzek eztabaida handia sortu dute gure inguruan, gure ikasleen emaitzak uste baino okerragoak izan direlako. Gure seme-alabak gaizki hazitakoak direla esan dute askok eta askok, gure gazteak ez daudela lana eta esfortzua egiteko prestatuta, bizimodu errazegia izan dutela… Europako herrialde gehienetan gazte langabezia oso handia da, eta asko dira ikasketak utzi eta lanik ez duten neska-mutilak. Jende helduaren iritziz, gaurko gazteei dena ahora eman zaie, ez dute sakrifiziorik nahi, eta sekula ez dute onartuko egun duten egoera hobetuko ez duen zerbait, ez dute lanik egin nahi eskaintzen zaiena gutxiegi delako.

Gazteei leporatzen diegu egun osoa telefonoari begira edo pantailaren aurrean egotea, bere inguruan gertatzen denari jaramonik ez egitea, beste mundu batean bizitzea eta pertsona hurkoekin komunikaziorik ez izatea. Gaurko gazteei adineko jendearekiko errespetu falta egozten diegu, oinarrizko edukazio arauak ez betetzea. Urte batzuk ditugunoi iruditzen zaigu gazteak ez daudela prestatuta bizitzak eskatzen dituen erronkei aurre egiteko, bizimodu hobearen bila iritsitako etorkinek lehia irabaziko dietela, eta gaur egun ezagutzen dugun gizartea erabat aldatu eta galduko dela, besteak beste, egungo gazteek ezingo dizkietelako gure betiko baloreei eutsi.

Europa zahartzen ari da, gero eta gehiago dira adinaren muga logikoak gainditu dituzten pertsonak, atzetik ez dator behar adina erreleborik eta datorrena iruditzen zaigu ahulegia dela, ez dela etorkizun sendoa finkatzeko gauza izango. Mendebaldeko herrialdetan soldaduska kendu egin dute, asko dira oker larritzat jotzen dutenak erabaki hori, mutilak gizon egiteko tresna egokiena zelako. Gero eta ugariagoak dira gizarteak balore sendoak behar dituela dioten taldeak, oinarri ideologiko garbi eta zehatzak, etorkizuna zimendu indartsuen gainean eraiki ahal izateko. Horrelako hitzak eta horrelako kritikak egunero entzuten ditugu, guk ere sarri egin ditugu, eta iruditzen zaigu gauzak ez direla lehen bezalakoak, mundua okerrago dagoela eta hondamendira dioala bide honetatik.

Orain dela 2.500 urte Socrates filosofoak hauxe omen zion: "Gure gazteria gaizki hazita dago,l uxua besterik ez du nahi. Ez die jaramonik egiten agintariei, ez du inongo errespeturik adineko pertsonekiko. Gure seme-alabak benetako tiranoak dira, zaharrak beraiek dauden lekuan sartzen direnean ez dira jaikitzen, gurasoei erantzun egiten diete, benetan gaiztoak dira". Orain dela 4.000 urte Babilonian, buztinezko ontzi batean, baten batek hauxe idatzi zuen: "Gazteri hau galbidean dabil, gazteak alferrak eta gaizkileak dira, ez dira sekula izango lehengo gazteen parekoak. Gazte hauek ez dira gauza izango gure kulturari eusteko".