Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Begien bistakoak

Juanjo Sanmiguel

Juanjo Sanmiguel

Siriarrak gerratik ihesi Europara iristen hasi zirenetik bai gobernuek baita herritarrok ere dezente aldatu dugu errefuxiatu hauekiko jarrera.

Europan azken urtean bizi izandako krisiak, errefuxiatuen etorrerak eta talde islamiarren atentatuek sortutako egoera bereziak badirudi gertakizunen kutsua itxuraldatu duela eta errealitatea desitxuratu. Siriarrak gerratik ihesi Europara iristen hasi zirenetik bai gobernuek baita herritarrok ere dezente aldatu dugu errefuxiatu hauekiko jarrera, eta batez ere, egi bihurtu dugu aizuna.

Orain dela urtebete Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak miloi bat errefuxiatu hartzeko borondatea azaldu zuen, 80 miloi biztanle dituen herri aberatsak eragozpenik gabe jaso eta gizarteratu lezakeelako atzerritar kopuru hori. Baina berehala azaldu zitzaizkion arerioak, asko bere alderdi barruan. Eta kanpotarrak hartu nahi ez dituzten horiek adierazitakoak egi bihurtu ditugu: "Mundu guztiko pobreek eta behartsuek Europara etorri nahi dute". "Gure lanpostuak kendu nahi dizkigute". "Gure kultura eta izaera arriskuan jarriko dute". "Terroristak sartzen dira errefuxiatuen artean ezkutatuta, edo terrorista bihurtzen dira Europan sartu ondoren"…

Egia da sarri ez dela batere erraza gertatzen ari dena eta gure ustearen artean bereiztea, baina Nazio Batuek zabaldutako datu batzuek balio lezakete usteak ustelak direla egiaztatzeko. Gaur egun Europan 18 miloi afrikar bizi dira, hona bizimodu hobearen bila etorritakoak; Afrikako herrialdetan 44 miloi afrikar atzerritar bizi dira, han bilatu behar izan dute bizimodu hobea. Siriako gerrak sei miloi siriar bota ditu bere herrialdetik, Europara miloi bat ere ez dira sartu. Turkiak 2,5 miloi jaso ditu, Libanok miloi t’erdi eta Jordaniak milioia. Herrialde horientzat, batez ere Libano eta Jordaniarentzat, zama jasanezina dira etorkin hauek, behar larrian daudelako, soldata oso txikien truke lan egiteko prest daudelako, eskolak eta ospitaleak behar dituztelako, eta herrialde hauek pobreak direlako. Munduan gaur egun 52 miloi errefuxiatu daude, bizitza arriskuan zutelako euren jaioterritik ihes egin behar izan dutenak, gehienek herrialde pobreenetan lortu dute babesa. Migratzaile ekonomikoak 800 miloi dira, 300 miloi euren herrialdeko mugak gainditu dituztenak. Migratzaile horiek 400 mila miloi bidaltzen dituzte urtean euren herrietara; herrialde aberatsek garapen bidean dauden estatuetan egiten dituzten inbertsioak eta bidaltzen dituzten laguntzak ez dira 125 mila milioitara iristen.

Inork ez du etxetik alde egiten bere borondatez, gogoa duelako, gehienek beste irtenbiderik ez dutelako aukeratzen dute normalean oso nekeza den atzerriko bidea. Gizakia gizaki denetik mugitu da, beti izan dira migrazioak, eta beti izan dira gatazkatsuak, guztiok beldurra diogulako ezezagunari eta aldaketa arriskuari. Baina azken urtean Alemanian eta Europan gertatu dena bitxia da. Esan ohi dugu politikoek ez dutela herriak diona entzuten, jendearengandik urruti bizi direla. Alemanian Merkelek erabaki zuzen eta ausarta hartu zuen, baina herriak, herritar horiek behartu dute atzera egitera, irekitako ateak ixtera.