Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Lotsa eta lotsagabeak

Juanjo Sanmiguel

Juanjo Sanmiguel

Trumpek harresiak, zigorrak, mendekuak eta gogorkeria agindu ditu Estatu Batuak berriro handi izan daitezen. Baita modu lotsagarrian adierazi ere.

Ordezkari politikoek eta erakundeetako arduradunek jende aurrean hitz egiten dutenean, zer esaten duten, adierazi nahi digutena, mezua da garrantzitsuena. Egia da batzuetan azaltzeko erak edo pertsona horrek erabilitako hitzek estali lezaketela lehentasuna izan beharko zukeena, baina oso gutxitan gertatzen da aditzera emateko erak edukiak baino garrantzi handiagoa izatea, erabat estaltzea alegia.

Estatu Batuetan eta beste leku askotan, Donald Trumpek presidente aukeratu ondoren egin beharreko lehen prentsaurrekoak ikusmin handia piztu zuen, enpresari estatubatuarra munduko gizon boteretsuenetakoa bihurtu delako eta bere iritziek eta asmoek guztiongan eragina izan lezaketelako. Eta ikusi genuenak harrituta, txundituta, hitzik gabe utzi gintuela esan genezake. Garrantzi handiko gaiei buruz galdetu zioten kazetariek, eta datozen lau urtetan mendebaldeko herrialde indartsueneko buru gorena izango denak, sinpletasun beldurgarriz erantzun zien guztiei. Baina hori kezkagarria izanik, askoz izugarriagoa da nolakoa izan zen agerraldia. Trumpek gauean ateak itxi ondoren taberna jabeak azken mozkorrekiko izan ohi duen jarrera bertsua agertu zuen. Batzuei irain egin zien, beste batzuei hitza ukatu eta portaerak agerian utzi zuen ez dakiela aurrean zeuzkan haiek bere jarraitzaileen, herritarren eta, oro har, gizartearen begiak eta belarriak direla, eta baldin badaki ez diela inongo begirunerik, ez diela errespetu arrastorik erakutsi zigun.

Donald Trumpi buruz esan daiteken gehiena esan dute adituek eta harreman politikoei buruz zerbait dakitenek. Baina horiek ere ez zuten espero New Yorkeko aberatsak egin zuena egingo zuela bere lehen agerraldian. Politikaz eta gizarte antolaketaz hitz egiten dugunean ideologiaz ari garela esan genezake, etorkizuna hobetzeko tresnei buruz, aldaketez edo dugunari eusteko baliabideez… Baina orain datorkiguna beste zerbait izan liteke. Kontua ez baita eskuina ala ezkerra, kontserbadorea ala iraultzailea, moderatua ala muturrekoa, horien aurretik dauden oinarrizko giza arauak baizik. Pertsonekiko errespetua, bestearen iritzia kontuan izatea, albokoa eta arerioa aintzakotzat hartzea, etekina eta irabazia ez direla helburu bakarrak onartzea, oker egon gaitezkeela aitortzea, eta batez ere, gizaki orok eskubide eta ardura berdinak ditugula besteekiko. Trumpek harresiak, zigorrak, mendekuak eta gogorkeria agindu ditu Estatu Batuak berriro handi izan daitezen. Eta hori ere, modu lotsagarrian adierazita.