Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Trumpen alde

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Badirudi Trumpen garaipenak, geneukan aukera txarrenak, gure onena azaleratu duela. Gobernu eta erakunde askotako arduradunak demokrazia aldarrikatzen hasi dira.

Apokalipsiaren tronpetek gortu arteko burrundaraz zigortu gaituzte, ile nahasiko gizon bitxia, munduko herrialde boteretsueneko aulki gorenean eseri denetik. Lau zaldunek gerra, gosea eta heriotza zabaldu dituzte bazter guztietan, gizateria amaieraren atarian jarriaz. Baina Apokalipsiak beste esanahi bat ba omen du, ongia eta gaizkiaren arteko lehia, zintzoen eta gaiztoen arteko borroka amaigabea. Jendea txundituta dago, azken hilabetetan herritarrek euren iritzia emateko aukera izan duten bakoitzean okerrena aukeratu dutelako.

Harrigarriena nagusitu da behin eta berriz, eta azkenean pentsaezina, gertatu behar ez zuena hortxe dugu gu guztion gainean. Donald Trumpi buruz esandako gehienek benetakoak dirudite, eta berak hartu dituen lehen erabakiek eta erakutsi dituen jarrerek baieztatu eta egiaztatu dituzte susmo eta beldur guztiak. Mespretxua azaldu du gobernu eta herriekiko. Gobernuburuekin izandako elkarrizketetan taberna zuloko hizkuntza eta jarrerak erakutsi ditu. Zakar eta errespetu arrastorik gabe hitz egin du musulmanei buruz. Ikasleak eta unibertsitate arduradunak errukirik gabe kritikatu ditu. Emakumeei buruz esandakoek burugabe tentelena lotsatuko lukete… Zerrenda amaigabea da eta komunikabideek eta iritzi-emaileek behin eta berriz azpimarratu dituzte.

Baina Trumpen hautaketak beste ondorio batzuk ere izan ditu. Gobernu eta erakunde askotako arduradunak demokrazia aldarrikatzen hasi dira. Handik eta hemendik giza eskubideen garrantzia azpimarratu dute eta merezi duten errespetua aldarrikatu. Berriro entzun dugu gizaki orok eskubide berdinak ditugula, inor ezin dela baztertu eta ezin dela boterea ardura gabe erabili. Badirudi Trumpen garaipenak, geneukan aukera txarrenak, gure onena azaleratu duela. Badirudi Europar Batasuneko arduradunak ohartu direla laguna uste genuena etsai bihur litekeela. Badirudi giza eskubideen urraketaren aurrean beste leku batera begiratzen zutenak ohartu direla amildegiaren arriskua uste baino gertuago dugula.

Hori guztia, gure alderdi bikainena gailentzeaz gain, agian Trumpen garaipenak eta lehen aste hauetan izan duen jokaerak erakutsi liezaguke demokrazia ez dela musu-truk, ongizate gizartea ez dela doan, giza eskubideak urratu ez ditzaten borroka egin beharra dagoela. Berez, besterik gabe hor daudela diruditen horiek guztiek batzuen lan, ahalegin eta nekearen emaitza direla, alegia.