Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Errua eta erantzukizuna

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Irak inbaditzeko agindua eman zuen politikaria lasai dago etxean. Libia eraso zutenek eta sarraskia eragin zutenek ez dute barkamenik eskatu.

Sarri entzuten ditugu ordezkari politikoak, enpresa arduradunak edo arazoren baten nahastutako pertsonak, euren buruarekiko oso lasai daudela esaten. "Lasai lo egiten dut", "ez dut uste deliturik egin dudanik", "zuzen jokatu dut". Pertsona askorentzat jokaera zuzenaren edo okerraren neurria beraien moralaren mugek adierazten dute, ondorioz, izugarrikeria handiena egin arren, ez zaie kontzientzia alhatzen. Historian izan diren hiltzaile errukigabeenek ez dute inoiz pentsatu egiten zutena okerra zenik, eta horren zantzuren bat azaldu bazaie ezinbestekoaren pisuak ezabatu du.

Herrialde demokratikoetan zuzen jokatu dutela uste, baina gizarteari edo pertsona jakin bati min eman edo kalte egin dienak legearen arau eta zigorrei erantzun beharko die. Baina egoera askotan badirudi pertsona eta erakunde batzuk euren kontzientziari bakarrik erantzun behar diotela, izandako jokaerak ondorio izugarriak izan baditu ere. 2003an Estatu Batuek Irak inbaditzeko erabakia hartu zuten. Bazekiten gezurretan ari zirela, bazekiten Nazioarteko arau eta hitzarmenak aurka zituztela, bazekiten egin behar  zutena ilegala zela… Orain dela 14 urte hasitako gerra ez da oraindik amaitu, inork ez daki zenbat jende hil duten bertan. 32 miloi biztanle zeukan herrialdea txikituta, zatituta eta amaierarik gabeko gatazkan murgilduta utzi dute. Agindu zuten demokrazia, ongizatea eta elkarbizitza lasaia, heriotza, sufrimendua eta borroka bilakatu dira. Baina izugarrikeria hura egiteko agindua eman zuen buru politikaria, arduradun gorena, lasai dago bere etxean. Soldata bikaina du, hitzaldiak ematen ditu, eta denbora librea koadroak margotzen erabiltzen omen du.

2011n NATO erakundeak Frantziaren zuzendaritzapean Libian eraso egitea erabaki zuen. Esku-hartzeak Nazio Batuen oniritzia izan zuen, baina bonbardaketak hasteko agindua eman zutenek, batez ere Nikolas Sarkozy Frantziako presidenteak ez zeukaten inongo plangintzarik. Helburu bakarra Gadafi botatzea zen, baina ez zekiten noren alde ari ziren, zeintzuk ziren oposizioko taldeetako kideak, nori ematen zizkioten armak. Gadafi bota ondorengoa ez zuten antolatu, hortaz, pentsatu ere ez zutela egin esan genezake. Agintari gorena erori zenean, oso ahula zen estatuaren egitura goitik behera amildu zen. Harrezkero, Libian ez dago aginterik, sarraskiak, hilketak eta ahulenekiko tratu txarrak dira nagusi. Pertsona, droga eta arma trafikanteen gotor eta babes-leku bilakatu da… Inork ez du barkamenik eskatu, inork ez du erantzukizunik onartu. Hitz egin duten gutxiek adierazi dute Gadafiren diktadura jasan ezina zela eta zer-edo-zer egin beharra zegoela…

Esan ohi da historia irabazleek idazten dutela. Eskribauek marrak egiten dituzte, baina kontu horien protagonistek ez lukete beti lasai lo egin behar, erruduna baldin badira behinik behin, eta norberaren morala eta indar militarraren gainetik agian beste zerbaitek beharko luke izan erantzukizunik gabeko ardurak lotsatu ez gaitzan.