Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Trumpen Errusiako eskandaluak

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Mike Flynn AEBko Segurtasun Nazionalerako idazkariak dimisioa eman behar izan du Obamak ezarritako isunen inguruan errusiarrekin hitz egiteagatik.

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak zailtasun handiak izango ditu Errusiarekin hain harreman ona zergatik izan nahi duen azaltzeko, eta ulertarazteko zergatik duen hain begiko Putin. Gauza jakina da Errusiako milioidun asko bazkide dituela Trumpek bere negoziotan, eta gauza jakina da, baita ere, Errusian milioidun gehien-gehienak Putinen gertukoak direla, Putinek berehala baztertu egiten baititu berarekin lan egiteko prest ez daudenak.

Rex Tillerson AEBko Estatu idazkari berriak, adibidez, negozio mamitsuak egin zituen Errusian, Exxon petrolio konpainiako arduradun zela. Mike Flynn bera, Segurtasun Nazionalerako aholkulari dimititu berria, Russia Today propaganda telebista katean aritu zen, tertuliakide.

Orain jakin dena, ordea, larria da benetan. Artean Obama presidente zela, Errusiak Washingtonen zuen enbaxadorearekin hitz egin zuen Flynnek Errusiaren kontra presidenteak agindutako neurriei buruz. Eta hori legearen kontrakoa da erabat. Flynn, 2016ko abenduan, herritar hutsa zen oraindik eta, beraz, ezin zezakeen gestio diplomatikoetan jardun. Eta ez hori bakarrik: gezurretan aritu zen; ukatu egin zuen-eta enbaxadorearekin hitz egin izana, bere kontrako frogak dauden arren. Hauxe izan liteke Trumpen Presidentetzako lehen eskandalu handia.