Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Sistema

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Gaur egun bere burua antisistematzat hartzen duen asko eta asko sisteman hazi eta aberastu direnak, aginte erakundeetan gora egin dutenak… Trump esaterako

Sistema deitzen duguna, gizartea antolatu, arautu eta bideratzeko osatutako egitura da. Erakundeek, elkarteek, alderdiek, sinismenek, ohiturek eta balio etikoek eratutako oinarri zabala. Sistemak finkatzen ditu legeak, sistema barruan hartzen ditugu erabakiak eta sistemak berak adierazten dizkigu jorratu beharreko bideak jarritako azken helburua lortzeko. Sistemak iraun dezan euskarri sendoak behar ditu, talde ezberdinen interesak uztartu beharra dago, eta konpromisoak hartu eta betetzeko borondatea, besteak beste, sistemak ahalik eta luzeen irauteko joera duelako.

Historian zehar beti izan dira sistemaren aurka aritu diren taldeak, erakundeak eta pertsonak. Ideologian oinarrituta, egituratutakoa desegin eta gizarte edo mundu berria sortzea zeukaten helburu. Gehienetan talde hauek sisteman baztertuta, zapalduta edo gutxietsita zeudenen, edo azpian zeudenen horiekiko elkartasuna adierazi eta pertsona horien egoera eraldatzea zeukaten helburu.

Urtetan zehar sistema ezinbesteko edo derrigorrezko gaitzat hartu izan dugu. Amesten genuena izan gabe, gure bizitza antolatu eta aurrera ateratzeko erabiltzen genuen tresna eta babes estruktura izan delako. Gehienok egokitu, moldatu eta ohitu egin gara. Batzuk sistema barrutik zulatzen ahalegindu izan dira beti, horretarako une eta leku bakoitzean zeuzkaten baliabideak erabilita, gizateriak historian zehar sortu izan dituen ideiak eta balio berritzaileak  aldarrikatu eta jomugan jarrita…

Baina mundua aldatu egin omen da. Zailtasunak ditugu egia eta gezurraren artean bereizteko. Ezin dugu zehaztu zer den egokia eta zer ez. Nor den progresista eta zein atzerakoi. Gaur egun bere burua antisistematzat hartzen duen asko eta asko sistema horretako irabazleak dira, sisteman hazi eta aberastu direnak, sistema horren zirrikitu guztiak erabili dituztenak postuak eta onurak eskuratzeko, aginte erakundeetan gora egin dutenak… Donald Trumpek esan digu antisistema dela, sistemak baztertu eta zapalduen alde lan egingo duela, Tayip Erdogan Turkiako presidenteak sistema desegin nahi du, Viktor Orban Hungariako lehen ministroak intsumisioa azaldu du Europar Batasunarekiko, Europako herrialde gehienetan gaur egungo gizarte hitzarmenak hautsi eta mundu hobe eta zoriontsua agintzen diguten talde eta alderdiak ugaritzen ari dira.

Garai batean sistema hautsi eta gizarte berria sortu nahi zutela ziotenek balio humanistak aldarrikatzen zituzten, elkartasuna eta lankidetza tresnatzat hartuta guztiontzako izango litzatekeen giza antolaketaren alde borroka egiten zutela zioten. Gaur egungo antisitema askok, aldiz, historian zehar izan diren eredu penagarrienak irentsi arazi nahi dizkigute. Gizakiak behin eta berriz jorratu dituen bide zaharrak, berriak eta erakargarriak bailiran gizarte aurreko kobazuloetara bultzatu nahi gaituzte.