Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Kolonbiako gerrillak armagabetzeari ekin dio

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Dena ondo bidean, FARCen armagabetzea ekainaren 1ean gauzatuko da. Oraindik, baina, ezin esan Kolonbian erabateko bakea erdietsi dutenik.

Fase erabakigarria hasi dute Kolonbiako bake elkarrizketek. Gerrillariak gaur hasi dira Nazio Batuen Erakundearekin (NBE) elkarlanean armagabetzea gauzatzeko. FARCeko gerrillari guztiak bake akordioan adostutako herrialdeko 26 guneetan bildu dira. NBEko ikuskatzaileak toki horietara joango dira, bertan armak zenbatu, eta azkenik, erabileratik kanpo utziko dituzte. Arma horien zati batekin hiru monumentu egingo dituzte: bata Nazio Batuen Erakundean, New Yorken, jarriko dute; bestea, Kuban, herrialde honek egin duen bitartekari lana aitortzeko; eta hirugarrena, Kolonbian, oraindik argitu gabeko leku batean.

Dena ondo bidean, eta badirudi hala izango dela, FARCen armagabetzea ekainaren 1ean gauzatuko da, eta gerrillari gehienak berehala itzul litezke jarduera zibilera. Baina, oraindik ezin dugu esan Kolonbian erabateko bakea erdietsi dutenik. Gobernuaren eta beste gerrillaren, ELN gerrillaren, arteko akordioa oraindik ixteko dago. Eta hori oraindik zaila dirudi. Quiton elkarrizketak hasi badituzte ere, bertan behera geratu dira gerrillaren eraso batean soldadu bat hil ostean.