Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Bakea eta gerra

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

AEBn, 120 jeneral eta militar buru ohi herriaren defentsa bakarrik armetan eta indarrean oinarritzearen aurka azaldu dira. Suedian, aldiz, derrigorrezko soldadutza berriro ezarriko duela adierazi du.

Gizakia gizaki denetik herri, gizarte eta gizatalde guztiek gerra eta enfrentamendua ezagutu dute, ez dago bakarra egoera horretatik kanpo geratu denik. Gerra eragileak asko izan dira, eta oso ezberdinak egoeren arabera. Arrazoi politikoak eta ideologikoak izan dira batzuetan; ekonomikoak, bestetan, baina gehienetan,  boterea eta menpekotasuna azaltzen dira. Gerrak hasten omen dira, batzuen batzuk euren borondatearen aurkako zerbait egitera behartu nahi ditugulako, edo batzuen batzuek ezarri nahi zaiena egin nahi ez dutelako. Gatazka gehienetan, gainera, erraz samar bereiz genitzake indartsuenak eta ahulenak ,borroka eragin dutenak eta halabeharrez nahastuta azaldu direnak.

Azken egun hauetan, hala ere, kontu harrigarriak gertatu dira, aurreiritzi batzuk itxuraldatu litzaketenak. Ameriketako Estatu Batuetan 120 jeneral eta militar buru ohi, herriaren defentsa bakarrik armetan eta indarrean oinarritzearen aurka azaldu dira. Gerratan eta borroka lekuetan zuzeneko esku-hartze izan duten militar hauek diote armak ez direla bide bakarra, eta askotan garrantzitsuena gatazkak eta arazoak konpontzeko diplomazia, elkarrizketa, negoziazioa… aldarrikatu dituzte.

Aurrekontu handiagoa eskatu dute, borroka leher liteken lekuetara laguntza bidaltzeko, beti azken aukera den gerra galaraziko duten proiektuak egiteko. Euren lanbidea defentsa izan duten gizon eta emakume hauek adierazi dute armak ekoiztu, garatu eta pilatuz gero gerra ezinbestekoa dela, eta aurrekontu militarra handitu eta diplomaziarena eta kanpo harremanena urrituz gero, askoz errazagoa dela arma horiek erabiltzeko aukera.

Suediako Gobernuak derrigorrezko soldadutza berriro ezarriko duela adierazi du. Orain dela zazpi urte suediarrek erabaki zuten ez zela beharrekoa gazteek armadan denboraldi bat egitea armak erabiltzen ikasi eta militar arauetara egokitzeko. Baina armadak zailtasun handiak ditu behar dituen soldaduak lortzeko. Horrez gain, segurtasun arazoak eta nazioarteko harremanak aldatu egin dira, eta gobernuak dio defentsa beharrak gaur egun ez direla orain 10 edo 20 urtekoak.

Suedian, Frantzian, Alemanian eta Europako beste herrialde batzuetan gero eta gehiago dira soldadutza berriro ezar dadila eskatzen dutenak, alde batetik Estatu Islamikoaren atentatuek beldurra eta segurtasun eskaria handitu dituztelako; bestetik, jende askoren iritziz, bertako gazteak, bertako soldaduak direlako herrialdea eta herria ondoen babestu eta zainduko dutenak.

Adituek diote gerra egiteko era aldatu egin dela, armada armadaren kontrako zuzeneko enfrentamendua gutxitan ikusiko dugula hemendik aurrera. Eta, gainera, etsaia armen bidez menderatzeak ez duela esan nahi gerra irabaztea,,garaipena aldarrikatu ondoren Estatu Batuek milaka eta milaka soldadu eta milaka miloi dolar galdu baitituzte Iraken eta Afganistanen. Seguruenera, hemendik aurrera ez da hain erraza izango indartsuena eta mendean dagoena, irabazlea eta galtzailea, laguna eta etsaia bereiztea… Ezta gerra noiz amaitu eta bakea hasi den ere.